Asteburuarekin hasiko dira amabirjinak ospatzen Zestoan

Mailo Oiarzabal 2022ko abuztuaren 30a

Larunbatean Gazte Eguna izango dute, Antton ao Povo ekimeneko hitzorduak eta Ondarbasoko Igoera tartean dela. Igandean, berriz, txistularien alardearekin borobilduko dute jubilatuei eskainitako ekitaldiekin hasiko duten eguna. Irailaren 7an botako dute jaietako txupinazoa Itxaropena dantza taldekoek, eta hilaren 11ra arte jarraituko dute festek. Udala gaur hasi da egitaraua etxez etxe banatzen.

Badatoz Zestoako Ama Birjina jaiak. Udala gaur bertan hasi da festetako egitaraua etxez etxe banatzen. Pandemiak eragindako bi urteko etenaren ostean, guztira zazpi festa egun izango dituzte gozatzeko zestoarrek, eta asteburu honetan hasiko da mugimendua.

Horrela, larunbatean, irailaren 3an, Gazte Egunarekin hasiko dituzte ospakizunak. Garaia da! Antton etxera herri bazkaria, txirrindularien Ondarbasoko Igoera eta Etxekalte, Rodeo eta Vulk taldeen kontzertuak eta DJ Elbaren emanaldia izango dira egun horretan Zestoan. Biharamunean, igandearekin, jubilatuen txanda izango da; besteak beste, herriko zaharrenei oroigarriak emango dizkiete –Angeles Jiménez Espada eta Jose Luis Galdona Astigarraga izango dira aurtengo omenduak–, eta bazkaria ere egingo dute jubilatuek. Eguna borobiltzeko, txistulari alardea egingo dute arratsaldean plazan. Idiakaitz txistulari taldeak antolatuta, hainbat musikarik, taldek eta dantzarik hartuko dute parte ikuskizunean.

Asteburu betearen ondoren, asteazkenean, Ama Birjina egunaren bezperan berrartuko dute festa zestoarrek. 19:00etan botako dute txupinazoa, eta aurten Itxaropena dantza taldeari egokitu zaio jaien hasierako suziria botatzea. Igandera bitartean, amabirjinek ohiko hitzorduak ekarriko dituzte, eta berrikuntzaren bat ere bai. Bi zekorketa izango dira aurten, ostegunean eta ostiralean, eta zezenketen aurkako eta ordezko eskaintza ere berreskuratuko dute, Gurea Kultura izenarekin, estazio zaharrean. Larunbatean izango da kuadrillen eguna, paella lehiaketarekin eta bazkariarekin, besteak beste; eta igandean, jaien azken egunean, Umeen Eguna ospatuko dute.

Festak agurtzeko, berriz, azken urteetako zahagi dantzaren ordez dantzaurrea edo dantza soka egingo dute kalez kale Itxaropenakoek eta herriko trikitilariek, igande iluntzean.

Egitarauaren azala, Ainhoa Subinasena

Aurten ere festetako egitarauaren azala aukeratzeko lehiaketa deitu du Zestoako Udalak, eta gaur banatzen hasi diren liburuxkan bertan jakinarazi dute lehiaketaren irabazlea. Ainhoa Subinasek irabazi du lehiaketa eta, beraz, hark egindako irudiarekin osatu du udalak egitarauren azala.

Egitaraua

Hau da 2022ko Zestoako amabirjinen egitarau osoa:

Irailak 3, larunbata. Gazte Eguna
12:00-14:00 eta 18-20:00. Pili Alkortaren Paisaiak eta erretratuak erakusketa, udaletxeko batzar aretoan.
12:00. Txosna irekiera eta gazteen argazkia.
Ondoren, poteo musikatua herriko txarangarekin.
13:00. Antton etxera! lelopean argazkia, plazan.
14:00. Antton ao povo! herri ekimenak antolatuta, Garaia da! Anttton etxera! herri bazkaria, plazan.
18:00. Ondarbasora XXXV. Igoera. Erdikaletik Ondarbasoraino erlojupeko txirrindulari lasterketa, 16 urtetik gorakoentzat.
19:30. Herriko batukada kaleetan zehar.
20:00. Ondarbasoko igoeraren sari banaketa, Laranjadin.
20:30. Zestoako batukada.
22:00. Kontzertuak: Etxekalte, Rodeo, Vulk eta DJ Elba. Txosnagunean.

Irailak 4, igandea
12:00-14:00 eta 18-20:00. Pili Alkortaren Paisaiak eta erretratuak erakusketa, udaletxeko batzar aretoan.
10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
12:30. Meza Nagusia.
13:00. Herriko zaharrenei oroigarriak eskainiko zaizkie Laranjadi plazan. Aurtengo omenduak Angeles Jimenez Espada eta Jose Luis Galdona Astigarraga izango dira. Horiekin batera, herrian bizi diren 85 eta 88 urte bitarteko guztiei omenaldia egingo zaie eta oroigarriak eskainiko zaizkie, Laranjadi plazan.
14:30. Jubilatuen bazkaria.
19:00. Txistulari alardea, plazan. Antolatzailea: Zestoako Idiakaitz Txistulari taldea.
Parte hartzaileak: Euskal Herriko txistulariak; Zumaiako San Pedro abesbatza (Amaia Aldalur zuzendari dela); Jagoba Astiazaran txistulari bakarlaria; Eñaut Elorrieta abeslaria; Roberto Moso abeslaria; Eider Iraola eta Aizpea Aristi abeslariak; Itxaropena dantza taldea; Eider Mendizabal eta Peio Nuño (Joxe Mari Orbegozoren Dantzaki dantza eskolako dantzariak); Zestoako batukada taldea (Adrian Larrañaga zuzendari dela); Aitor Furundarena akordeo-jotzailea eta Metal boskotea. Ikuskizunaren zuzendaria: Garikoitz Mendizabal Etxeberria da.

Irailak 7, asteazkena
18:00. Ama Birjina bezperako meza.
19:00. Itxaropena dantza taldeko kideek botako dute txupinazoa. Musika, Pantxo Balbuenarekin.
22:00. Manitu + Mugi Panderoa erromeria.

Irailak 8, osteguna, Ama Birjina eguna
09:00. Zestoako dultzaineroen diana.
10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
11:00. Zestoako Musika Bandaren eta Idiakaitz Txistulari Taldearen kalejira, Goizeko izarra martxaren doinuekin.
12:00. Meza Nagusia.
Ondoren, udal ordezkarien dantzaurrea, Itxaropena dantza taldeak eta Idiakaitz txistulari taldeak lagunduta.
13:15. Zestoako Bandaren kontzertua.
17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, lehen zekorketa iragarriz.
17:30. Gurea Kultura: Feline, The Clayton eta Toc, Estazio aldean.
18:00. Txan magoaren ikuskizuna umeentzat.
18:00. Lehen zekorketa. Toreatzailea: Alejandro Chicharro Barquerc. Ordezkoa: Jesus Ignacio Mainez Lozano. Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos.
Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak.
Ondoren, Zestoako Banda, Erdikalean.
19:30. Afizionatuen pilota partidak frontoi zaharrean.
22:00. Rudeska + Nikotina + Dj Bull, Laranjadin.

Irailak 9, ostirala
09:00. Zestoako dultzaineroen diana.
10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
12.00. Jolas parkea umeentzat, frontoi inguruan, 14:00ak arte.
11:00. Amaiur 500 garren urteurrena. Gorazarrea, dantza eta musikaz alaiturik, Laranjadin.
Ondoren, Andoni Egaña eta Amaia Agirre bertsolariak.
13:00. Txakolina dastatzea, bertsolariekin.
16:30. Jolas parkea umeentzat 18:30ak arte.
17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, bigarren zekorketa iragarriz.
17:30. Gurea Kultura. Odei Alkimia eta Bassagain. Estazio Zaharrean.
18:00. Bigarren zekorketa. Toreatzailea: Jose Adrian Centenera Perez. Ordezkoa: Juan Barranco Blas. Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos.
Ondoren, Lopene ganadutegiko zezen bolaztatuak.
Ondoren, Zestoako Banda Erdikalean.
20:00Ibili munduan emanaldia, Laranjadin. Aitor Furundarena, Angel Unzu, Iñaki Telleria eta Garikoitz Mendizabal.
22:00. Pilota profesionala: Master Caixa Bank Txapelketa.
23:00. Laket taldearekin dantzaldia, Laranjadin.

Irailak 10, larunbata
10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
11:00. Zirku-tailerra, umeentzat, frontoi zaharrean, 13:00ak arte.
Egunean zehar, Ustekabe txaranga.
12:30. Paella lehiaketarako prestaketak hasiko dira.
14:30. Paella lehiaketako epaimahaia igaroko da.
Ondoren, herri bazkaria plazan.
17:00. Kuadrillen arteko jolasak plazan, Ustekabe txarangak alaituta.
19:00. DJ Davila, kalez kale.
23:00. DJ Davila, plazan.

Irailak 11, igandea
10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
12:00. Umeen txupinazoa.
Ondoren, gaztetxoen dantzaurrea, Idiakaitz txistulari taldeak lagunduta.
12:30. Meza.
13:00. Zezen bolaztatuak eta poniak, ume eta gaztetxoentzat. Ustekabe txaranga.
14:30. Ume, gaztetxo eta gurasoentzat bazkaria.
16:00. Skate-tailerra, umeentzat, frontoian. Ondoren, ikuskizuna.
17:30. Arraza Libreko Artzain Txakurren Gipuzkoako Txapelketa, Zubiaurreko zelaian. Gaizka Etxaniz eta Ira (Azkoitia. 2021, Gipuzkoako Txapelduna); Gaizka Etxaniz eta Laster (Azkoitia); Javier Gaztañaga eta Zeru (Antzuola); Asier Dacosta eta Zeru (Aretxabaleta); Xabier Gaztañaga eta Sandy (Antzuola); Mikel Aizpurua eta Argi (Oiartzun); Peio Segurola eta Lur (Matxinbenta); Iñaxio Etxeberria eta Mis (Azpeitia); Manuel Gorriti eta Turbo (Aizarnazabal).
19:00. Apar-festa, frontoi zaharrean
Ondoren, Zahagi-dantzarien dantzaurrea kalez kale, Itxaropena dantza taldearen eta Zestuko Trikitixa taldearen eskutik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide