Urola ibaira egindako isurketa matxura baten ondorio izan zela jakinarazi du Urkaikok

Anartz Izagirre 2022ko abuztuaren 30a

Ibaira isuritakoa ez zela odola izan adierazi du Iraetako enpresak, "ur zikinak" zirela baizik, eta arazoaren berri izan bezain pronto matxura konpondu zutela jakinarazi dute. "Inork nahi ez duen istripua izan dugu eta neurriak jarri ditugu berriz gerta ez dadin", nabarmendu dute.

Urola ibaian "isurketa kutsakorra" izan zela jakinarazi zuen Eguzki erakunde ekologistak joan zen asteazkenean, abuztuak 24, eta Zestoako Udalak hurrengo hurrengo egunean azaldu zuen Urkaiko abere hiltegitik egindako abere odolaren isuria izan zela Iraetan gertatutakoa, Uraren Euskal Agentziarekin (URA) hitz egin ondoren. Urkaiko enpresak ere ezbeharraren inguruan hitz egin du orain, eta jakinarazi du "matxura baten ondorio" izan zela isuria, eta ez zela abere odola izan, "ur zikinak" baizik.

Egindako zehaztapenetan azaldu dutenez, ur zikinen isurketako arketa batean matxura zutela konturatu ziren Uraren Euskal Agentziak esanda, eta hiltegiaren garbiketarako erabiltzen diren ur zikin horiek arketara pasa ziren, eta, ondoren, ibaira. "Beraz, isuritakoa ez zen odola izan, ur zikinak baizik", nabarmendu dute; hala eta guztiz, hiltegiaren garbiketan ura odolarekin eta beste zaborrekin nahasten dela baieztatu du enpresak. Azpimarratu dutenez, "arazoaren berri izan bezain laster" konpondu zuten matxura.

Horrez gain, halako isurketak gertatzen diren lehen aldia ez dela adierazi zuten Eguzkik zein Zestoako Udalak, eta horren aurrean, honakoa adierazi dute enpresako kideek: "Ez dugu ulertzen nola ez zaigun lehenago jakinarazi, matxura lehenago aurkitu eta zuzentzeko, orain egin dugun bezala". Ildo horretatik, Urkaikotik gehitu dute abere hiltegiak 33 urte daramatzala martxan, eta "lehenengo aldia" dela halako arazoren bat izaten dutena. "Bere garaian aitzindari izan ginen araztegia jartzen 1996. urtean, eta eskualdeko kolektorea eraiki zen momentutik bertara isurtzen dugu", esan dute.

Era berean, "inork nahi ez duen istripua" izan zela nabarmendu du enpresak, eta "neurriak" jarriko dituztela indarrean halakorik berriro gerta ez dadin.

Eguzkiren salaketa

Isurketaz ohartu bezain pronto, Eguzki erakunde ekologistak oharra argitaratu zuen gertatutakoa salatzeko, eta bertan nabarmendu zuten "itxura guztien arabera" isurkina odola zela. Gainera, Eguzkik salatu zuen ez zela Urkaikok egiten zuen lehen isurketa: "Kasualitateak zer diren, Urkaiko albiste iturri izan zen, lege berri bat betez, hiltegi barruan kamerak jarri dituztelako, bertan hiltzen diren abere guztiak behar bezala eta ahal dela sufrimendurik gabeko bukaera dutela bermatzeko. Ondo dago hori, baina isurketaren irudiak ikusita, garbi dago beste alor batzuetan hiltegiaren jarduera ez dutela ondo kontrolatzen, gaurkoa ez baita botatzen duten lehen aldia".

Gertatu zenaren harira, Eguzkik nabarmendu zuen gertatutakoa larriagotzen zuela Urola ibaiak daraman ur eskasak: "Ondorioz, kutsaduraren kaltea handiagoa izango da ibaiko ekosisteman bizi diren izaki guztientzat". Era berean, isurketa hori saihestu zitekeela azpimarratu zuen erakundeak, "odol lehorra nekazaritzan eta lorategietan aspalditik erabiltzen den ongarria" delako. Gainera, Eguzkiren arabera, nekazaritza ekologikoan ere baimendutako produktuen artean dago odol lehorra. "Urkaiko hiltegiak badaki zer egin animalien eta bizidunen onuran beste pauso bat eman nahi badu", esan zuten.

Udala, "kezkatuta"

Eguzkiren salaketa jaso bezain pronto, Zestoako Udalak Eguzkiren susmoa baieztatu zuen, eta Iraetan ibaira egindako isurketa Urkaikotik egindakoa zela azaldu zuten: "Zestoako Udala Uraren Euskal Agentziarekin eta dagokion arduradunarekin harremanetan jarri da, eta ur emarien osasunaz arduratzen den erakundeak egindako lehen ikerketak isuritakoa abere odola izan dela ere ondorioztatu du".

Udalari jakinarazi ziotenez, odola araztegira bideratzeko hoditeriaren sargunean pitzadura sortu zen, eta handik ibaira odola isuri zen. Udalak gehitu zuen ez dela aurreneko aldia Iraetako bi industrialdeetako jardueretatik isurketak gertatzen direna, eta "kezkatuta" zeudela jakinarazi zuten. Era berean, Uraren Euskal Agentziari "isurien aurrean zorroztasun guztiarekin jarduteko" eskatu zioten. Bestalde, Eguzki talde ekologista eskertu zuen udalak, "ibaira egiten diren isurien jarraipena eta salaketa egiteagatik".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide