Pili Alkorta margolariaren 'Paisaiak eta erretratuak' erakusketa ireki dute Zestoan

Nerea Uranga 2022ko abuztuaren 27a

Atzo inauguratu zuten margolanen erakusketa Zestoako udaletxeko batzar aretoan, margolari zestoarra bertan zela. Irailaren 4ra bitartean egongo da zabalik.

Pili Alkorta (Zestoa, 1932) margolariaren Paisaiak eta erretratuak pintura erakusketa ireki zuten atzo arratsaldean Zestoako udaletxeko batzar aretoan. Irailaren 4ra arte egongo da erakusketa zabalik, 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.

Bartzelonan bizi da Alkorta, baina atzo irekiera ekitaldian izan zen. Alkorta gazte zela hasi zen marrazten eta pintatzen. Ikasketak Zaragozako Arte eta Lanbide Eskolan egin zituen, eta ondoren, Ascensio Martiarena margolariarekin jardun zuen ikasten.

1952an Emakumeen IV. Pintura Erakusketan parte hartu zuen, Donostiako udal arte aretoetan. Urte bat geroago, sei artelan aurkeztu zituen Gipuzkoako Artista Berrien XVI. Erakusketarako. Alkortarekin batera parte hartu zuten gerora izen handia lortu zutejn hainbat artista; besteak beste, Jesus Montes Iribarren, Jose Gracenea, Alejandro Tapia, Rafael Luis Balerdi, Juan Luis Mendizabal Mendi eta Jose Antonio Sistiaga.

Jose Mari Lucasekin ezkondu zen 1958an, eta Zaragozara (Espainia) joan zen bizitzera. Gero, handik Bartzelonara, eta egun han bizi da. Urtero egiten du bisita bere jaioterrira, Zestoara. Alkortaren hainbat lanetan jasota daude gaur egun desagertuta dauden Zestoako hainbat baserri eta paisaia. eta horietako batzuk ikus daitezke Zestoako udaletxeko batzar aretoan zabalik dagoen erakusketan.

11 herritar edo familiak utzi dituzte Alkortak egindako hainbat artelan erakusketa osatzeko.

Argazkiak: Danbolin.eus eta Nerea Uranga.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide