Atzo, asteazkena, Iraeta parean Urola ibaira egindako isurketa "kutsakorra" salatu zuen Eguzki erakunde ekologistak. Gaur, Zestoako Udalak, Eguzkiren susmoa baieztatu egin du. Udalak adierazi du atzo Iraetan ibaira egindako isurketa Urkaiko abere hiltegitik egindakoa izan zela: "Zestoako Udala Ur Agentziarekin eta dagokion arduradunarekin harremanetan jarri da, eta ur emarien osasunaz arduratzen den erakundeak egindako lehen ikerketak isuritakoa abere odola izan dela ere ondorioztatu du".
Udalari Ur Agentziak azaldu dionez, "odola araztegira bideratzeko hoditeriaren sargunean pitzadura sortu zen, handik ibaira odola isuriz". Dagoeneko agentziak matxura konpondu eta isuria geldiarazi ditu.
Zestoako Udalak esan duenez, ez da aurreneko aldia Iraetako bi industrialdeetako jardueretatik isurketak gertatzen direna, eta horregatik "kezkatuta" azaldu da erakundeak. Era berean, Ur Agentziari "isurien aurrean zorroztasun guztiarekin jarduteko" eskatu dio. Bestalde, Eguzki talde ekologista eskertu du udalak, "ibaira egiten diren isurien jarraipena eta salaketa egiteagatik".