Gaur goizean Urola ibaian "isurketa kutsakorra" izan dela salatu du Eguzki talde ekologistak ohar bidez. Zestoan, Iraeta parean, izan da isurketa ibaira. Eguzkik azaldu duenez, "itxura guztien arabera, isurkina odola da, Urkaiko hiltegitik botatakoa".
Eguzkik salatu du gaurkoa ez dela Urkaikok egiten duen "lehen isurketa": "Kasualitateak zer diren, Urkaiko albiste-iturri izan zen atzo, lege berri bat betez, hiltegi barruan kamerak jarri dituztelako, bertan hiltzen diren abere guztiak behar bezala eta ahal dela sufrimendurik gabeko bukaera dutela bermatzeko. Ondo dago hori, baina isurketaren irudiak ikusita, garbi dago beste alor batzuetan hiltegiaren jarduera ez dutela ondo kontrolatzen, gaurkoa ez baita botatzen duten lehen aldia".
Odol isurketaren larritasuna areagotzen duten bi kontu nabarmendu ditu Eguzkik kaleratutako oharrean. Batetik, data hauetan Urola ibaiak daraman ur eskasa. "Ondorioz, kutsaduraren kaltea handiagoa izango da ibaiko ekosisteman bizi diren izaki guztientzat". Bestetik, isurketa hori %100ean saihestu daitekeela azpimarratu du talde ekologistak, "odol lehorra nekazaritzan eta lorategietan aspalditik erabiltzen den ongarria" delako. Eta, Eguzkiren arabera, nekazaritza ekologikoan ere baimendutako produktuen artean dago odol lehorra. Hori kontuan hartuta, Urkaiko hiltegiak badaki zer egin "animalien eta bizidunen onuran beste pauso bat eman nahi badu".