'Antton Ao povo' herri bazkaria eta argazki herrikoia antolatu dituzte irailaren 3rako Zestoan

Nerea Uranga 2022ko abuztuaren 24a

Antton Ao povo herri ekimeneko kideek irailaren 3rako antolatu dituzte Antton Olaizola deportatu zestoarraren "etxeratzea" eskatzeko ekintzak. Argazki herrikoia herri bazkariaren aurretik, 13:00etan, aterako dute plazan.

Antton Olaizola deportatu zestoarraren "etxeratzea" eskatzeko, ekainean Antton Ao povo! herri ekimena jarri zuten martxan hainbat herritarrek Zestoan, eta horiek herri bazkaria eta argazki herrikoia antolatu dituzte irailaren 3rako. Herriko festen atarian antolatu dute otordua –irailaren 7tik 11ra izango dira amabirjinak–, eta dagoeneko salgai daude txartelak Portalen, Txoko Txikin, Koioten eta Gaztetxean.

Bi menu jarri dituzte aukeran: saiheskiduna edo beganoa. Menu beganoa nahi duten herritarrek Portalen erosi ahal izango dituzte txartelak. Langileek hogei euro ordaindu beharko dute bazkaritarako txartela, eta ikasleek nahiz langabeek, hamabi euro.

Irailaren 3ko herri bazkariaren aurretik, argazki herrikoia aterako dute 13:00etan, Zestoako plazan. Egun horretan gainera, sinadurak biltzeko mahaia ere jarrita egongo da, eta herri ekimenaren kamisetak salduko dituzte.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide