Ondarbasoko 35. Igoera jokatuko dute Zestoan irailaren 3an, arratsaldean, herriko plazatik hasita. Hiru kilometroko erlojupeko proban parte hartzeko izena emateko epea zabaldu dute antolatzaileek, eta ostegun honetan, abuztuaren 25ean, bukatuko da. Izena emateko 667 34 32 45 (Otxua) telefono zenbakira deitu eta idatzi beharko da. Txirrindularitzako lizentziarik ez dutenek nortasun agiriaren argazkia bidali beharko dute aurrez adierazitako zenbaki horretara.
Pandemiaren eraginez, bi urteko etena izan du Zestoako txirrindularitza proba herrikoiak. Azkenengo edizioa, 34.a, 2019an jokatu zen, eta 21 txirrindularik parte hartu zuten. Orduan, Joseba Albizu nagusitu zen Ondarbasoko igoeran; 11 minutu eta 23 segundoan ibilbidea amaituta. Emakumeetan, berriz, Nerea Irure izan zen parte hartzaile bakarra, eta 21 minutu eta 18 segundotan egin zuen bidea.