Hugo Gorospe: "Portalen etxean bezala aritzen naiz, eta biharko gogoz nago".

Maialen Etxaniz 2022ko abu. 19a, 19:09

Zestoako Portale kultur elkartearen laugarren urteurrena ospatuko dute bihar, eta hainbat ekintza antolatu dituzte urtemugaren bueltan. Hugo Gorospe (DJ HGS) arduratuko da egitaraua borobiltzeaz. Dagoeneko urteak daramatza musika elektronikoa sortzen, eta zaletasun kuttuna da harentzat. Biharko gogoz dago.

Noiz hasi zinen musika elektronikiez interesatzen?

Txikia nintzela hasi nintzen musika elektronikoaz interesatzen, Umetatik entzuten nuen musika mota hori, batez ere anaiaren erruz; izan ere, hark musika elektronikoa entzuten zuen gehienetan, eta, horrenbestez, nik ere entzuten nuen. 12 urte nituela oparitu zidan aurreneko diskoa, eta 22 urteren ostean, gordeta daukat oraindik.

Noiz ta nolatan hasi zinen Dj bezela?

2016an hasi nintzen pintxatzen. Hori ere nire anaiaren erruz [barreak]. Anaiak oparitu zidan mahai txiki bati esker hasi nintzen musika jartzen, eta pixkanaka-pixkanaka trebatuta, mahai handiagoa edo profesionalagoa erosi nuen.

Nola trebatu zinen?

Mahai txikia eduki aurretik, mugikorrean eta tabletean aritzen nintzen aplikazio batean  saltzeatzen, eta hari esker zenbait oinarrizko kontu ikasi nituen. Behin mahaia neukala, seriotasun gehiagorekin hartu nuen zaletasuna. Kuadrillako lokalean eta aritzen nintzen, lagun guztiak astoratutakoan-eta. Ondoren, Zestoako Fundizio Elkartean eta, horrenbestez, Zestoako musika taldeen entsegu lokalean sartu nintzen, eta han orduak eta orduak igarotzen nitun pintxatzen. Gaur egun, oraindik, ere bai!

Non jarri izan duzu musika? Zuretzako berezia izan den leku berezirik egon al da?

Puf! Zestoan, Azkoitian, Azpeitian, Zarautzen, Getarian, Aizarnan, lagunen etxeetan… Jende aurrean pintxatu nuen aurreneko aldia, kuadrillako baten ezkontzan izan zen, eta gauez taberna batean. Leku bereziak guztiak izan dira niretzat, baina, esaterako, Zestoako festetan plazan pintxatu nuenekoa oso ona izan zen. Portale kulturgunea ere oso berezia da niretzat, etxean bezala aritzen bai naiz.

Zer motatako musika egiten duzu? Nolatan?

Tech-House, Technno, House.. eta noiz o noiz Remember pixkat ere egin izan dut.

Norekin elkarbanatu izan duzu mahaia? Ba al duzu erreferenterik?

Dj asko ezagutzen ditut, eta are gehiago ikusi izan ditut zuzenean. Horietako askorekin disfrutatzen dut, eta, beraz, izen gehiegi aipatu beharko nituzke hemen…

Portale kulturgunean arituko zara bihar, laugarren urteurren festan. Gogoz al zaude?

Aurrez esan bezala, Portalen oso gustura aritzen naiz, etxean bezala, eta han musika jartzeko irrikaz nago. Aurreneko urteurrenean ere nik pintxatu nuen, eta aurten, laugarrengo urteurrena izanik, gogo gehiagorekin.

Aurrera begira zer asmo dituzu?

Asko disfrutatzen dut pintxatzen, eta horrela segitzeko asmoa dut. Hori bai, astelehenean lanera kar, kar, kar…

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide