"Interes sindikal soil bat" interes publikoaren eta orokorraren gainetik jartzea "onartezina" dela dio Zestoako Udalak

Julene Frantzesena 2022ko abuztuaren 16a

Greban diren langileen eskubideak "zapaltzen" ari dela leporatu dio sindikatuak udalari, eta erakundeak hori ez dela egia jakinarazi du. ELAren salaketa "ez da serioa" udalaren aburuz, eta sindikatu batek "afiliazio orri batzuen truke" greba eskubidea horrela erabiltzeak "ez du izenik".

ELA sindikatuari erantzunez –udal langile batzuen behin-behineko greba dela-eta kaleratu du oharra gaur–, Zestoako Udalak oharra kaleratu du gaur arratsaldean. Greban diren langileen eskubideak "zapaltzen" ari dela leporatu dio sindikatuak udalari, eta erakundeak hori ez dela egia jakinarazi du. "Erakunde publiko bati halakoak leporatu aurretik, ELA sindikatuari hobeto informatzeko erregutzen diogu", azaldu du udalak. Haren arabera, gainera, sindikatuak gaurdaino ez dio informaziorik eskatu udalari edo alkateari.

Erakundeak dioenez, ELAren salaketa Buruzuri zezenzale elkarteko kideak zezen plaza muntatzen ari direla esatean oinarritzen da, baina "ez da egia" elkarte horretako boluntarioak plaza muntatzen ari direla esatea: "Plaza udal brigadako langileak ari dira muntatzen. Buruzuri elkarteko kideek, udalarekin duten hitzarmenean jasota dagoen bezala, ukuiluaren muntaian kolaboratzen dute. Izan ere, zezenak elikatu, azpiak jarri eta gainontzeko lanak elkarteko boluntarioek egin izan dituzte azken urteetan, eta aurten bezala, aurreko urteetan ere udalak asegurua egin izan die hainbat kideri".

Hitzarmenean jasota dagoena ere ekarri du gogora udalak, kaleratu duen oharrean. Hala dio "hitzez hitz" hitzarmenak: "...boluntario taldeak ahal izango du ukuiluaren antolaketa lanetan (instalazioen muntaketa, azpigarriak jarri, ur-hartuneen muntaketa, aireztapenaren kontrola...) parte hartu". Horrez gain, ELAren salaketa "ez da serioa" udalaren aburuz, Buruzuri elkarteko kideek boluntario gisa eginiko lana ez delako plazaren muntaketaren %1era iristen.

"Interes sindikal soil bat"

Udalak jakinarazi duenez, "besteei hausnarketa egitea eskatu aurretik, ariketa hori bera norberak egitea" izan ohi da gomendagarriena. Hori horrela izanda, "interes sindikal soil bat" interes publikoaren eta orokorraren gainetik jartzea "onartezina" dela azaldu du erakundeak. Gainera, udalak "interes partikularrak alboratuta" langile guztien baldintza kolektiboak ikuspegi publikotik lantzen segituko duela azaldu du.

Horrez gain, erakundeak ELAri esan dio sindikatu batek greba eskubidea "afiliazio orri batzuen truke" horrela erabiltzeak ez duela izenik: "Udal langileen gehiengoa aintzat hartu gabe, mahai negoziatzailea osatu aurretik eta langileen batzarrik ere egin gabe, gutxiengo bat grebara eramatea arduragabekeria hutsa da, eta greba, borroka tresna bezala, erabat gutxietsita gelditu da".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide