Zestoako Udala joan zen uztailaren 13tik behin-behineko greban diren langileen eskubideak "zapaltzen" ari dela salatu du ELA sindikatuak ohar bidez. Hain zuzen ere, erakundea, alkatea buru duela, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzaren lehendakariorde eta Lan eta Enplegu sailburuak emandako gutxieneko zerbitzuen inguruko agindua "urratzen" ari dela azaldu du sindikatuak. ELAk azaldu duenez, horregatik jarri du sindikatuak alkatearen eta hainbat herritarren aurkako salaketa Lan Ikuskaritzan.
Irailean Zestoan jaiak izango direla eta, zezen plaza muntatzen hasiak dira dagoeneko herrian, eta lan horiei ekinda, udalak greban dauden langileek eskubideak "zapaldu" eta behargin horiek "ordezkatu" egin dituela salatu du sindikatuak. "Horren aurrean, Lan Ikuskaritzan salaketa aurkeztu du ELAk, argi eta garbi azaltzen baita lan horiek egitea udal brigadari eta lan horien gidaritza greban dagoen brigadako buruari dagokiola, azken urteetan egin den moduan".
ELAren ustez, langileen oinarrizko eskubideak "zapaldu" ditu udalak aurten, eta langileen greba eskubidea "urratu" ere bai. "Muntaketa lana horiek zezezale elkartekoak ari dira egiten, herriko alkatearen laguntza zuzenarekin", zehaztu du sindikatuak. Hori "onartezina" dela uste du, gainera, ELAk, eta Zestoako Udalari eta alkateari bereziki, "langileen eskubideen aurka egiten ari denaz eta atzera egiteaz" hausnartzeko eskatu dio.