Alkatea eta hainbat herritar salatu dituzte greban diren udal langileek

Julene Frantzesena 2022ko abuztuaren 13a

Behargin horien lana ordeztea leporatuta aurkeztu dituzte salaketak Lan Ikuskaritzan, ELA sindikatuaren bitartez. Alkateak azaldu duenez, Amabirjin jaietarako zezen plazaren harmailak muntatzeagatik eta auzoetako festetan hainbat lan gauzatzeagatik salatu dituzte, eta hori ez da delitua. Udal Gobernuak grebarekiko duen ikuspuntuari eutsi dio.

Greban diren Zestoako udal langileek Mikel Arregi alkatea eta beste hainbat herritar salatu dituzte Lan Ikuskaritzan, behargin horien lana ordeztea leporatuta. Hala jakinarazi dio egunkari honi Arregik berak, eta hark ELA sindikatuaren salaketa jakinarazpena jaso duela aitortu du. Gainera, Lan Ikuskaritza udalarekin harremanetan jarri dela dagoeneko eta informeak eskatu dizkiela ere esan du alkateak.

Hark azaldu duenez, Amabirjin jaietarako zezen plazaren harmailak muntatzeagatik eta auzoetako festetan hainbat lan gauzatzeagatik jarri dituzte salaketak grebalariek. Dena den, Arregik argi du egindakoa ez dela delitua. "Greban diren langileek lanean balira egingo lituzketen lanak ordezkatzeko ezin da enpresarik kontratatu, hori egia da, baina lanak udal brigadako kideek, norbanakoek zein eragileek egin ditzakete. Horregatik, auzoetako festetako muntaketa lan batzuk auzolanean egin dira, festa batzordeekin elkarlanean, eta nik ere lan egin dut, laguntzeko. Hori askotan egin dugu, askotariko gauzetan, eta lehen ere egiten zen".

Irmo hitz egin du alkateak Udal Gobernuak grebarekiko duen ikuspuntuaz; izan ere, beharginek udal ordezkariek egindako azken eskaintza ez zutela onartu gogorarazi du: "Hortik ez gara pasatuko, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialera bidali ditugulako oinarriak eta aurki argitaratuko dituztelako; ez dago atzera bueltarik. Lehen inolako zentzurik ez zuen grebak, eta orain are gutxiago". Administrazio publikoan behin-behineko lanpostuekin dagoen arazoa tarteko eta beren lanpostuak mantentzea eskatzeko ari dira greba egiten langileak.

Hilabete greban

Gaur hilabete da Zestoako udal langile hainbat greban hasi zirela. "Aspaldidanik duten egoera irregularretik ateratzearen alde" hasi zuten greba, eta orduz geroztik izan da gora-beherarik. Izan ere, Udal Gobernuak eman zuen grebaren berri uztailaren 14an –13an hasi zuten greba langileek–, eta hurrengo egunean grebalariek egin zuten agerraldia.

Langileek han emandako azalpenei erantzunez, komunikatu bana kaleratu zuten ondoren udalak eta LAB sindikatuaren udaleko ordezkaritzak. Jarraian, beste agerraldi bat egin zuten grebalariek, eta gutxira, ELA sindikatuak beste ohar bat atera zuen, langileei babesa adieraziz. Abuztuaren 1ean, berriz, Udal Gobernuak gaiaz hitz egin zuen berriro, grebalariek negoziazio mahaia utzi eta elkarrizketak eten dituztela jakinarazteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide