Jagoba Astiazaran eta Eñaut Elorrieta, Musika Hamabostaldiarekin Leirera

Leire Perlines ('Berria') 2022ko abuztuaren 12a

Jagoba Astiazaran txistulariak eta Iñar Sastre organistak euskal konpositoreen lanetan oinarritutako kontzertu bat emango dute bihar, Leireko monasterioan. Eñaut Elorrieta gonbidatu dute abestera. 'Berria' egunkarian kontzertuaz erreportajea egin dute.

Donostiako 83. Musika Hamabostaldian, Leireko monasterioa (Nafarroa) izango da Musika Aitzaki ziklo ibiltariko kontzertuetako baten egoitza, bihar, hain justu. Kontzertu hori da Nafarroan egingo den bakarra. 19:45ean izango da emanaldia, eta Jagoba Astiazaran txistulariak eta Iñar Sastre organo jotzaileak Leire: Bide-Gurutze lana aurkeztuko dute. Programa horrek XVIII. mendetik gaurdaino heltzen den musika du ardatz, eta, horretarako, Eñaut Elorrieta abeslaria gonbidatu dute. Hiru musikariek ibilbide musikal bat egingo dute Nafarroako erromanikoaren monumentu horren historian.

Astiazaran eta Sastre prestakuntza klasikoko musikariak dira, eta, azken urteotan, elkarrekin aritu dira Arineketan proiektuan, euskal musika herrikoia aztertzen, jazza eta folk musika uztartuz. Xabier Munibe, Jose Olaizola, Estibalitz Robles, Aita Donostia, Aita Hilario Olazaran, Pablo Sorozabal, Joakin Iruretagoiena, Antton Valverde eta Eñaut Elorrieta euskal musikagileen abesti profanoak eta pieza erlijiosoak aurkeztuko dituzte, hiru bidegurutze bereizita ibilbide horretan zehar.

Ibilbide horretako lehen bidegurutzea Leireko monasterioa izango da, eta, lehen zati horretan, euskal musika liturgikoa izango dute jomuga. XVIII. mendean Xabier Maria de Munibe Peñafloridako kondeak idatzitako Irten ezazu eliza kantatik abiatu, eta Robles Beskoitzeko abeslariaren Agur Maria arteko bidea osatuko dute.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Berria.eus-en.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide