Euskal sukaldaritza tradizionala sustatzea xede duen Jakitea elkarteak sari banaketa ekitaldia egin zuen atzo, Adunako Zabala sagardotegian, eta sarietako bi eskualdeko jatetxeek eskuratu zituzten. Hain zuzen ere, ostalaritza zerbitzuan euskara erabiltzeagatik, haren presentzia bermatzeagatik eta euskara indartzeko egindako lanagatik jaso zuen saria Orioko Sarasua jatetxeak. Zestoako Araneta jatetxeak, berriz, kilometro zero produktuak modu egokian erabiltzeagatik jaso zuen aitortza.
Beste hainbat sari ere banatu zituzten, eta sarituen artean dira, besteren artean, Mendaroko Landa jatetxea, Beasaingo Kattalin, Lasarte-Oriako Txitxardin, Ataungo Bittor nahiz Donostiako Urkabe.