Amabirjin jaietarako prest dute egitaraua Aizarnako herritarrek

Anartz Izagirre 2022ko abuztuaren 4a

Abuztuaren 12tik 15era amabirjinak ospatuko dituzte Aizarnan. Aurten, ez da oilasko biltzea egiteko talderik osatu. Igandean, 'Km 0' ikuskizuna eskainiko dute herritarrek.

Beste urte batez egitarau oparoa antolatu dute Aizarnako herritarrek amabirjinetarako. Azken bi urteetan ekitaldi solteak egin dituzte, baina pandemiaren ondorioz ezin izan dute jairik ospatu. Hala eta guztiz, indartsu itzuliko dira datorren astean festak.

Asier Olazabal da festen egitarauaren antolaketan ibili den herritarretako bat, eta aizarnarrak "festak ospatzeko gogoz" daudela nabarmendu du hark: "Biztanle gutxi gara Aizarnan, eta denon artean antolatu behar izaten ditugu festak. Gurasoak, jubilatuak, gazteak..."

Ohiko egitaraua izango da aurtengoa, eta abuztuaren 12an, ostiralean, hasiko dira festak txupinazoarekin. Horren ostean, pilota partidak izango dira, eta ohi bezala herri afaria ere egingo dute. Otordu horretarako txartelak dagoeneko salgai daude auzoko tabernetan, 25 euroren truke. Txupinazoaren osteko poteora eta herri afarira mozorrotuta joateko ohitura dute Aizarnan, eta aurten mozorrotzeko gaia zein izango den ere aurreratu du Olazabalek. "Zirkua izango da aurtengo gaia, eta ea jende asko animatzen den mozorrotzera", azaldu du.

Abuztuaren 13an, larunbata, Umeen Eguna izango da, eta goizean goizetik hasita hainbat ekitaldi izango dira. Besteak beste, Altxorraren Bila eta beste zenbait jolas izango dira, eta musikarekin borobilduko dute eguna. Igandean, berriz, Jubilatuen Eguna ospatuko dute, eta egun horretarako ere egitarau zabala antolatu dute auzotarrek. Egun horretan, besteak beste, jubilatuen hamaiketakoa eta paella lehiaketa izango dira. Beste berrikuntza bat ere izango da: "Km 0 ikuskizuna egingo dugu, eta herritarrek parte hartuko dute bertan; bakoitzak bere gaitasunak erakusteko aukera izango du ekitaldi horretan".

Aurtengo beste aldaketa baten berri ere eman du aizarnarrak; izan ere, ohiko oilasko biltzerik ez dute egingo: "Jaietan ohitura da baserriz baserri dantza egin eta oilaskoak biltzea. Aurten, ordea, ez da talderik osatu". Hala eta guztiz ere, datozen urteetan ohitura hori "berreskuratzeko esperantza" dutela jakinarazi du Olazabalek.

Astelehenean, Amabirjin Egunean, amaituko dituzte festak, eta aurten binakako pentatloi jaialdia izango da herritarren gozamenerako, hainbat kirolariren eskutik.

Hona hemen Aizarnako amabirjinetako aurtengo egitaraua:

Abuztuak 12, ostirala

  • 18:00. Txupinazoa.
  • 18:15. Pilota partidak: Aimar Egiguren eta Urtzi Egiguren Xabat Sasiainen eta Oier Alonsoren aurka.
  • 21:00. Herri afaria. Mozorrotzeko gaia: zirkua.
  • 23:00. Bide batez musika taldearen kontzertua.

Abuztuak 13, larunbata. Umeen Eguna.

  • 11:30. Altxorraren Bila. Bainujantzia eraman behar da.
  • 13:30. Umeen bazkaria. Ondoren, helduen bazkaria.
  • 17:00. Ginkana. Jarraian, txokolatada.
  • 23:00. Manituren kontzertua.
  • 01:00. Pajarito DJa.

Abuztuak 14, igandea. Jubilatuen Eguna.

  • 11:00etaik 13:00etara. Haurrentzako puzgarriak.
  • 11:30. Jubilatuen hamaiketakoa.
  • 12:00. Paella lehiaketaren hasiera.
  • 14:00. Sari banaketa eta bazkaria.
  • 15:00etatik 17:00etara. Puzgarriak.
  • 17:15. Txan magoaren ikuskizuna.
  • 22:30. Km 0 ikuskizuna.

Abuztuak 15, astelehena. Amabirjin Eguna.

  • 12:00. Kros herrikoia auzoan zehar.
  • 18:00. Binakako pentatloi jaialdia. Honako herri kirolariak arituko dira elkarren aurka norgehiagokan: Xabier Zaldua eta Jagoba Otaegi, Andoni Iruretagoienaren eta Beñat Amaderen aurka.
  • Ondoren, Julen Rueda eta Manex Unanue trikitilarien emanaldia.
  • 22:30. Trikitilariak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide