Zabaldu dute dagoeneko Zestoako amabirjinetako egitarauaren azal lehiaketa, eta udalak parte hartzeko oinarriak eta baldintzak zeintzuk diren iragarri du. Erakundeak adierazi duenez, Zestoan erroldatutakoek soilik parte hartu ahal izango dute lehiaketan, eta partaide bakoitzak gehienez hiru lan aurkeztu ahal izango ditu. Lanek jatorrizkoak, argitaragabeak eta beste inolako lehiaketetan saritu gabeak izan beharko dute, eta 21x21 zentimetroko neurria eduki beharko dute. Horrez gain, ondorengo testu hauetako bat eraman beharko dute lanek: Zestoako Amabirjinak 2022, Zestoako Herri Jaiak 2022 edota Zestoa Festak 2022.
Abuztuaren 11, osteguna, izango da lanak aurkezteko azken eguna, eta udaletxean egongo da horretarako aukera. Lan bakoitzarekin batera egilearen datuak eta nortasun agiriaren zenbakia idatzi beharko dira gutun-azal baten barruan, eta lanaren atzealdean ere nortasun agiriaren zenbakia idatzi beharko da. Lehiaketara aurkeztutako lana eta egilearen datuen gutun-azala beste gutun-azal baten barruan aurkeztu beharko dira.
Irabazleak 250 euroko saria eskuratuko du, eta epaimahaia Kultura eta Ondare batzordeko kideek nahiz horiek izendatutako beste hainbat adituk osatuko dute. Saritutako lanaren jabea Zestoako Udala izango da, eta argitaratzeko eskubidea izango du erakundeak. Egileak ezin izango dio udalari aparteko ordainik eskatu lan horregatik.