Zestoako Udal Gobernuak atzo jakinarazi zuen erakunde horretako hainbat langilek grebari ekin diotela. Gaur greban dauden langileek eta horien aldarriarekin bat egiten duten hainbat herritarrek elkarretaratzea egin dute plazan, eguerdian. 35 bat lagun elkartu dira, Egonkortzearen alde, kaleratzerik ez! zioen pankartaren atzean.
Greban dauden langileek kaleratutako oharrean zehaztu dutenez, asteazkenean –uztailak 13– hasi zuten lanuztea behin-behineko egoeran dauden langile batzuek, "aspaldidanik duten egoera irregularretik ateratzearen alde". Haien arabera, "adierazgarria" da langile horietako zenbaitek "hamabost urte baino gehiago" daramatzatela "egoera irregular horretan, lan egonkortasunik gabe".
Idatzian zehaztu dutenez, 2021eko abenduan argitaratu zuten langileen behin-behinekotasunaren arazoari konponbidea emango zion legea (sektore publikoko behin-behinekotasuna murrizteko 20/2021 legea). "Legeak behin-behinekotasun baldintza zehatz batzuk betetzen zituzten lanpostuak ekainaren 1a baino lehen enplegu eskaintza berezian ateratzera derrigortzen zuen udala", diote langileek. Haien esanetan, udal gehienetan langileen eta udalaren arteko negoziazio mahaiak osatu dituzte, eta "legeak agintzen duena errespetatuz, lanpostu guztiak aztertu eta baldintza bereziko eskaintzak argitaratu dituzte".
Grebalarien esanetan, lege berria kaleratu aurretik argitaratutako 2019ko lan eskaintza publikoa martxan zuen Zestoako Udalak, "beste udal askok bezala". Haien arabera, "udal gehienek, baita ingurukoek ere –Zumaiakoak, adibidez–, aurreko eskaintzak bertan behera utzi eta baldintza bereziko eskaintza berriak argitaratu zituzten, legeak horretarako aukera ematen baitu".
Dena den, Zestoako Udalak ez zuela horrela jokatu arbuiatu dute: "Nahiz eta zuzenean eragiten zien behin-behineko langileek horrela eskatu, udalak ez zuen 2019ko lan eskaintza publikoa bertan behera utzi, eta horrek langile horien kezka eta haserrea sortu zituen". Horri beste kontu bat gehitu behar zaiola ere adierazi dute: "2019ko lan eskaintza publikoan jasotako lanpostuen oinarriak abuztuaren 22a baino lehen argitaratu behar dira, baldintza bereziko eskaintza berriak abenduaren 31rako argitaratu behar diren bitartean. Legeak hainbeste urtez behin-behinekotasunean egon diren langileen aldeko oinarri bermatzaileak adosteko aukera ematen du. Baina abuztuaren 22ko epe horrek presazko egoera batean kokatu ditu langileak, legeak baimentzen duen negoziazio horren aurrean".
Ohiko prozesuetan ez bezala, lege berriak deialdia egin duen administrazioan izandako lan esperientzia saritzeko aukera ematen duela nabarmendu dute, baina haien arabera, "udala ez da prest agertu testuinguru berezi hori aprobetxatu eta hainbeste urtean egoera irregularrean egon diren langile horien mesedetan oinarriak finkatzeko". Haien esaten, 2019ko lan eskaintza publikotik martxan jarri diren prozesuak ohiko oposizioen bidez egin dituzte, eta prozesu horietan udalean "urte asko zeramatzaten bi langile" kaleratu zituzten. "Gogoratu behar da, ordea, garai hartan ez zegoela lege berria indarrean, eta testuinguru ezberdin batean kokatzen gaituela horrek. Udalak daraman motxila horrek ez dio oraingo salbuespen egoera hau objektibotasunez ikusten eta aztertzen uzten".
Sindikatuekin negoziazioak
Grebalariek nabarmendu dute Zestoako Udaleko behin-behineko langileak 2021eko abenduan hasi zirela ordezkari sindikalekin batzarrak egiten eta Egonkortze Legearen inguruko kezkak eta zalantzak mahai gainean jartzen. Maiatzetik gaur arte udal ordezkariekin ere hainbat aldiz bildu direla adierazi dute. Gainera, ekaina eta uztaila artean, LABek –udalean ordezkaritza sindikala du– eta ELAk beren posizioa agertu dutela azaldu dute, "bakoitzak bere aldetik" egin badute ere. "Haien ustez, salbuespenezko egoera honen aurrean, lehentasuna eman behar zaio bitartekotasun abusuan dauden lanpostuen egonkortasunari, eta erraztasunak eman behar zaizkie abusu gehien jasan dutenei, hau da, deitutako lanpostuetan denbora gehien eman dutenei, oinarrizko baldintzak betetzen badituzte eta administrazioan sartzeko merezimendu, berdintasun eta gaitasun arauak bete badituzte". Grebalariek diote Zestoako Udaleko behin-behineko langileak "bere garaian zegozkien hautaketa prozesuak egin eta gainditu zituztelako" daudela udalean lanean.
Greban dauden langileek adierazi dute LAB eta ELA sindikatuek plazaratu dituzten eta udalari helarazi dizkioten irizpideekin bat egiten dutela eta irizpide horietan oinarritutako bi proposamen aurkeztu dizkiotela udalari idatziz. Horrez gain, bi sindikatuen irizpideetara hurbiltzen den proposamen bat negoziatzeko prestutasuna ere agertu dute. Dena den, udalak "ahoz" eman dien proposamena "onartezina" iruditu zaie, "aurrez aipatutako irizpideetatik oso urrun dagoelako eta proposamen hori ez delako inoiz behin-behineko langileekin landu".
Puntuazioarekin desadostasunak
Adibide zehatz batzuk ere jarri nahi izan dituzte langileek: "Bi sindikatuen proposamenen artean zera dago: deialdia egiten duen administrazioan izandako lan esperientzia beste administrazio bateko esperientzia baino hiru aldiz gehiago puntuatzea. Aldiz, udalak 1,25 aldiz gehiago puntuatzea proposatzen du. Horrez gain, udalaren proposamenean jasotzen denez, Zestoako lan esperientzia hamar urtera arte puntuatuko litzateke, eta pertsona bat tope horretara iristen bada, puntuazio horri ezingo lizkioke gehitu beste administrazio publiko batean edota enpresa pribatu batean izandako lan esperientzia. Aldiz, Zestoako Udalean esperientziarik ez duen bati ia hamalau urtera arte emango litzaizkioke puntuak, administrazio publiko bateko esperientzia eta enpresa pribatukoa batuz".
Langileek nabarmendu dutenez, udalak esan du ez dizkiela ateak itxiko belaunaldi berriei eta gazteei. "Baina hitz egin dezagun garbi, lege berri hau ez dator administrazio publiko batean lana egin ez duten herritarrei lanpostuak eskaintzera; legearen helburua ez da hori. Administrazio publikoan lanean ari direnak, eta bereziki, irregulartasun egoeran urte asko daramatzaten horiek betetzen ari diren lanpostuak egonkortzera dator. Eta Zestoako Udalak proposatu dituen oinarriak ere, jada administrazio publikoren baten lanean ari direnen mesederako diseinatuta daude. Ez ditzagun herritarrak engainatu", erantsi dute.
Udalak lanpostuen oinarrien "berme juridikoaz" ere hitz egin duela azpimarratu dute: "Helegiteak, segurtasun juridikoa, helegile horiek udalari ekar diezazkioten ondorioak... aipatu dituzte. Baina lege berria 2021eko abenduan atera bazen, eta udalean ordezkaritza sindikala duen LAB sindikatuak sei hilabete behar izan baditu sindikatuen izenean irizpide batzuk proposatzeko, denbora horretan ez ote ditu ba irizpide horien berme juridikoak aztertu?", esanez amaitu dute.