Txikito Iraetakoa, betikotuta

Andoni Elduaien 2022ko uztailaren 15a

Zestoako Iraeta auzoko pilotari ezagunaren familiak udalari eman dio haren bustoa. Herriko pilotalekuan jarriko dute irudia, hura "memorian bizirik" mantentzeko.

Joan zen apirilaren amaieran jaso zuen Zestoako Udalak Pako Larrañaga Txikito Iraeta-koa pilotari zenaren bustoa. Pilotariaren alabak etxean zuen gordea, baina, emakumea hil zenean, eskultura udalari ematea erabaki zuen Txikito Iraetakoaren biloba Joseba Lasak. Hark adierazi duenez, pilotariaren "lagun handi batek" egin zuen bustoa, baina ez dakite zehazki zein den artelanaren egilea. Eskulturak 1940ko data du, eta J. Lopetegi artistaren sinadura; hain zuzen, Txikito Iraetakoak profesionaletan jokatu zuen lehen finalaren urte berekoa da.

Ama hil zenean, Joseba Lasa semea gelditu zen etxearekin, eta arrebarekin hitz egin zuen bustoaz. "Amak aitaren figura erlikia bat balitz bezala gorde eta zaintzen zuen; amak asko maite zuen bustoa. Niri ere pena ematen zidan garaje edo trasteleku bateko kaxa batean gordetzeak, eta, etxekoon artean hitz egin ondoren, Zestoako Udalari ematea edo Iraeta auzora eramatea erabaki genuen, han gure aitonak inauguratutako frontoia baitago". 80 urte baino gehiago ditu bustoak, eta Lasak betidanik ezagutu izan du eskultura. "Nire bizitza guztian egon izan da aitonaren bustoa etxean, egongelako armairuaren gainean". Lasaren arabera, xehetasun guztiekin egin zuen Lopetegi artistak bere aitonaren artelana: "Oso busto polita da, eta detaile guztiak zainduak ditu".

Azkenean, udalarekin jarri zen harremanetan Lasa, eta ideia "gustatu" egin zitzaiela azaldu du. Hark dio badakiela udala herriko pilota elkartearekin-eta harremanetan egon dela, bustoa non jarri eztabaidatzeko. Haren arabera, batzuk aitonaren bustoa Iraeta auzoan jartzearen aldekoak dira, baina haiei ez zaie inporta artelana non jarri. "Bustoari herrian lekua egitea izan da familiaren nahia. Berdin zaigu non; bustoa udalari emanda, aitonaren memoria bizirik mantendu nahi izan dugu", azaldu du pilotariaren bilobak.

Lasak, bere belaunaldikoek eta gazteagoek bezala, ez zuen aitona ezagutzeko aukerarik izan. "Igarri nuen lagunen gurasoek eta inguruko jende helduak ondo ezagutzen zutela aitona, baina nire belaunaldikoek eta gazteagoek ez. Era berean, helburua izan da gazte jendearen artean ere aitonaren figura ezagutaraztea. Nahi genuen herritarrek jakitea Zestoan bazela pilotari ospetsu bat". Zarautzen bizi da egun Lasa, eta ikusten du "pilotaren afizioa beheraka" doala. "Pilotarako zaletasuna galtzen ari da. Gure kirola den heinean, estimatu egin behar dugu". Txikito Iraetakoaren izpirituak horretan lagunduko duen itxaropena dute Lasak eta haren etxekoek.

Pilotalekuan jarriko dute

Mikel Arregi Zestoako alkateak jakinarazi du udalean sartu zirenean paper bat aurkitu zutela, familiaren nahia adierazten zuena. "Paper batekin egin nuen topo, eta bertan familiak azaltzen zuen bustoa udalaren esku jartzeko prest zegoela. Hori irakurritakoan, neuk deitu nien haiei, guztia lotzen hasteko".

Alkateak dio udalak eskertu diola familiari bustoa eman izana. "Pilotaren eta Zestoako pilotaren historian erreferenteetako bat izan da Txikito Iraetakoa". Udala bustoa non jarri pentsatzen aritu da azken asteotan, eta dagoeneko badakite non. Aztertu dute Iraeta auzoan jartzea, baina, Arregik dioenez, auzo horretan ez dute artelanarentzako "leku publiko egokirik" ikusten. Azkenean, Zestoako Gurutzeaga pilotalekuan jarriko dute, aurten.

Irakurri artikulua osorik, Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide