Zestoako Udaleko zenbait langilek grebari ekin diote, eta horren inguruan argibideak emateko agerraldia egin du gaur Zestoako Udal Gobernuak. Administrazio publikoan behin-behineko lanpostuekin dagoen arazoa tarteko hasi dute lanuztea zenbait beharginek, Udal Gobernuaren arabera, "beren lanpostuak bermatzea eskatzeko". Agerraldia deitu izanaren muina "desatsegina" dela nabarmendu du Mikel Arregi Zestoako alkateak azalpenak ematen hasi aurretik: "Inon ez da atsegina lan gatazka baten inguruko balorazioa egitea, eta are gutxiago erakunde publiko batean".
Ez da gauza berria administrazio publikoan behin-behinekotasuna dela-eta bizi duten afera. Dena den, gai horri lotuta, aldaketa bat izan da orain gutxi; egonkortze prozesu bat martxan jartzera behartu dituzte udalak. "Europak Espainiako Estatuari exijitu dio administrazio publikoan dagoen behin-behinekotasun tasa %8tik jaistea. Hori da abenduan atera zen Egonkortze Legeak esaten duena", azaldu du alkateak. Tasa horren gainetik daude behin-behineko langileen kopuruak Gipuzkoako udalerri gehienetan; Arregiren arabera, orotara, 1.250 lanposturi eragingo die legedi berriak Gipuzkoan. Eta Zestoan ere eragina izango du horrek.
Dena den, alkatearen arabera, Zestoako Udalak lege hori indarrean sartu baino lehen hartu zituen neurriak. "Arazoari aurre egiteko, udalak aurreko agintaldiaren amaierako Tokiko Gobernu Batzordean onartu zuen lehiaketa publikoak martxan jartzea, bi indar politikoen adostasunarekin [EAJ eta EH Bildu]". Agintaldiaren hasieran gaiaren inguruko agerraldia egin zutela ere gogoratu du alkateak. "Han azaldu genuen hamabi lanpostu lehiaketa publikora aterako genituela". Prozesu hori ohiko oposizio azterketa bidez gauzatzea erabaki zuten. Lanpostu horietako batzuk dagoeneko esleitu dituzte, eta bide horretan, udalean lanean aritu diren zenbait langile posturik gabe gelditu dira, oposizioa gainditu ez dutelako.
Prozesu hori martxan jarri aurretik, langileekin bilerak egin zituztela eta ordezkaritza sindikalarekin adostasuna lortu zutela adierazi du Arregik. "Orduan inork ez zuen protestarik egin, denek zekitelako prozesu hori ezinbestekoa zela".
Lehiaketa prozesu hori martxan zela onartu zuen Espainiako Gobernuak Egonkortze Legea. "Guk etxeko lanak ondo eginda genituen, eta guretzat zigor bat izan da lege hori. Lege horrek baldintza batzuk ezartzen ditu, eta baldintza horien artean dago lehiaketa horiek azterketa baztertzailerik gabe egin ahal izatea, baldin eta lanpostuen iraupena urte jakin batzuetakoa baldin bada".
Aukera berdintasuna
Hala ere, Udal Gobernua "lehiaketa klasikoak" martxan jartzearen alde dagoela dio alkateak: "Aukera berdintasunean sinesten dugu. Udala erakunde publiko bat da, eta bertako langileen soldatak herritarren zergekin ordaintzen dira. Udaleko langileek eskubideak dituzte, baina haiek ez ezik, herritar guztiek dute eskubidea enplegu publiko hori eskuratu ahal izateko".
Lege berriak "udalaren gustukoak ez diren baldintza batzuk" ezartzen dituela nabarmendu du Arregik, baina hala eta guztiz, oraindik esleitu gabe dauden lanpostuak lege berriak ezartzen dituen parametroen arabera ateratzea erabaki zuten lehiaketara, alkatearen arabera, langileek hala eskatuta. "Nahiz eta gure iritziz legea murriztailea den ikuspegi publikotik eta aukera berdintasunaren ikuspegitik, lege horrek garbi adierazten du prozesuek irekiak izan behar dutela. Eta prozesuak irekiak izateak esan nahi du edozein herritarrek aukera eduki behar duela lanpostu publikoa eskuratzeko, nahiz eta lege berriak horretarako aukerak murriztu".
"Printzipio" kontuak eta "berme juridikoa" arrazoitzat aipatuta, "neurrirako trajerik" ezin dutela egin azaldu du Arregik; hau da, behin-behineko langileei lanpostu horiek beraientzako izango direnik ezin dietela ziurtatu. Hori bai, negoziatzeko prest agertu da Arregi: "Zestoako Udalean lan egin izana baloratzeko prestutasuna mahai gainean jarri genuen, baina gauza bat da hori, eta bestea da Zestoako Udalean inoiz lanik egin gabeko batek aukera matematikorik ez edukitzea lanpostu bat eskuratzeko. Hori ezin dugu egin".
Arregiren arabera, "greba egitea langileen eskubidea da", eta udalak eskubide hori aitortzen dien arren, "garbi" dago greba deitzeko "inolako arrazoirik" ez zegoela. Era berean, deialdia egin den moduak "hainbat hutsune" dituela adierazi du: "Harrigarria bezain ezohikoa da langileen inolako batzarrik gabe greba bat deitzea".
Ruben Alberdi zinegotziak orain arteko prozesuaren gaineko xehetasunak eman ditu: "Gurekin aurrenekoz elkartzerako, greba deialdia zuten eskuen artean, inolako eskaintzarik egin gabe". Gainera, udalari egindako eskaeran beren "lanpostuak bermatzeko" eskatzen zutela esan du. "Legez ezin ditugu lanpostu horiek bermatu. Gu prest geunden malguak izateko; esan genien beste administrazio publiko batean lan egin izana baino gehiago baloratuko genuela Zestoan lan egin izana. Hori mahai gainean jarri arren, berehala grebari ekin zioten. Ez zaigu serioa iruditzen".
Zestoako Udaleko langileek ordezkaritza sindikala baduten arren, egoerarekin desados dauden langileak udalarekin harremanetan indibidualki jarri direla nabarmedu du Alberdik. "Guk beti adierazi diegu ordezkaritza sindikalarekin landu behar direla gauza hauek". Hala eta guztiz, hitz egiteko prest daudela nabarmendu du Alberdik ere: "Gu prest gaude hitz egiteko eta adostasunera iristeko. Hori bai, lanpostu horiek ez ditugu oparituko, udalaren kalterako izango litzatekeelako".
"Greban hamabi langile"
Arregiren esanetan, udalari ez diote ofizialki jakinarazi zenbat langilek egin duten bat lanuztearekin. "Oraindik ez daukagu mahai gainean zerrendarik. Beste eskaera batzuk biltzen dituen idatzi bat dugu, eta han hamabi izen zeuden, baina gero, ez dugu greban zein dauden adierazten duen dokumenturik jaso. Jendea lanera etorri ez denez, greban hamabi langile daudela kalkulatzen dugu". Udalak, guztira, 45 langile ditu kontratupean.
Greban dauden langile gehienak brigadakoak direla nabarmendu du Arregik. Horrek zerbitzuetan eragina daukala esan du, eta herritarrei "barkamena" eskatu die horrek sortuko dituen eragozpenengatik. "Gutxieneko zerbitzuak izango ditugu, eta saiatuko gara horiei ahalik eta etekinik handiena ateratzen".
Grebarekin bat egin duten langileek agerraldia egingo dute bihar, ostirala, 12:00etan, plazan.