Ostiralean hasiko dira Karmen jaiak Arroabean, eta herritar talde batek Brigada Morea sortu du festetan gerta daitezkeen erasoei eta indarkeria matxista kasuei aurre egiteko. Brigadaren helburua da behar duten herritarrei laguntza eskaintzea. Adibidez, autobus geltokira joateko nahiz eraso bat jasan edo ikusi duelako jaso ahal izango dute herritarrek taldearen laguntza. Gainera, erasoei aurre egiteko lehen arretarako protokoloa prestatu dute.
Laguntza "modu desberdinetakoa" izan daitekeela jakitun, Brigada Morearen sustatzaileek auzoko gune seguruen identifikazioa egin dute, eta horien artean tabernak eta txosna aipatu dituzte. Izan ere, jai eremuan izango dira Brigada Moreko hainbat lagun besoko more bat jantzita, eta herritarrek haiei eskatu ahal izango diete laguntza. Haiek garbi utzi dute laguntza eskatzea "eskubide bat" dela, eta azaldu dute herritar guztien esku dagoela festak modu seguruan eta eraso matxistarik gabe bizitzea.
Auzotarrek festetan indarkeria matxistari aurre egiteko sortu duten estrategia da Brigada Morea, eraso matxistei modu bateratuan aurre egiteko diseinatua. Estrategia horrekin bat egin du Zestoako Udalak, eta gainera, erakundeak auzoetako jaietan indarkeria matxista kasuak saihesteko kanpaina jarri du martxan.