Gaur hasiko dira Narrondon sankristobalak, eta gertu dira Arroabean karmenak, Arroagoian santioak eta santanak, Aizarnan andramariak... Jai horiek tarteko, Zestoako Udalak santakutzetan abiatutako indarkeria matxistaren aurkako sentsibilizazio kanpainarekin jarraituko du, eta "indarkeria matxistarik gabeko festak" nahi dituela berretsi du udalak. Kanpainaren barruan, besteak beste, udal eraikinetan (kiroldegian, liburutegian eta anbulatorioan) informazio orriak eta larrialdietako telefono zenbakien txartelak jarriko ditu herritarren eskura.
Abuztuaren bukaeran eta irailaren hasieran kanpainarekin jarraituko du Zestoako Udalak. Hala, irailaren 2an, informazio gunea jarriko dute Erdikalean, 18:00etatik 20:00etara. Gune horretan, jendearen zalantzak argitzen eta informazioa banatzen ariko dira. Horrez gainera, hainbat eragilerekin bildu (tabernariekin, txosna arduradunekin, jai batzordearekin...) eta materiala eta kanpainari buruzko informazioa banatuko zaie.