Zestoako Udalak Idiazpi mendebaldeko lurrak erosiko ditu. Atzo, asteartea, eman zuen erabaki horren berri ekaineko osoko bilkuran Mikel Arregi alkateak, eta aho batez onartu zuten EH Bilduko eta EAJko zinegotziek zeregin horretara 165.000 euro bideratzeko 2022ko hirugarren aurrekontu aldaketa egitea. Arregik azaldu zuenez, Zubiaurreko aisialdi gunearen proiektua bertan behera gelditu da momentuz; izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura departamentuak ez du aisialdi gunea baimentzeko txostenik egin. Lehenagotik datorren arazoa da Zubiaurrekoa, izan ere, eremu babestua da gune hori, eta ondorioz, bertan egin daitezkeen proiektuak mugatuta daude. Alkateak nabarmendu zuenez, Zubiaurren egiten den proiektu orok "ondare arkeologikoaren ikerketarekin eta dibulgazioarekin" zerikusia izan behar du, eta udalak bertan egin nahi duen aisialdi guneak —bizikleta zirkuitu bat egiteko asmoa zegoen eremu horretan, besteak beste— ez ditu baldintzak betetzen, Aldundiaren arabera.
Gauzak horrela, 2022ko udal aurrekontuetan Zubiaurreko proiektura bideratu zituzten 106.000 euroak beste zeregin batzuetan gastatu beharko dituzte hirugarren aurrekontu aldaketaren bitartez, eta zatirik handiena Idiazpi mendebaldeko lurrak erosteko erabiliko dute. Eremu horretan, besteak beste, 2008an Zestoako Udalak eraikitako aparkalekua dago. Ekainberri museoa ireki zutenean, museoko bisitariek non aparkatu izan zezaten ezarri zuen udalak eremu hori, eta TS altzairu fabrikarekin hitzarmen bat sinatu zuen erakundeak, hain zuzen ere, lur horien lagapena egiteko. TS altzairutegia itxi egin zuten handik urte gutxira, eta enpresaren zorraren hartzekodun nagusi zen Kutxabank finantza erakundea bihurtu zen lur horien jabe.
Kutxabankek lur horiek salgai jarri zituen aurrerago, eta hirugarren bat egin zen horien jabe. Erakundeak nabarmendu duenez, egungo udala osatu zenean hango aparkalekua itxita zuten lur horiek jabeek, eta udalak horien jabetza eskubiderik ez bazuen ere —horrenbestez, ezin zuten gune hori arautu—, aparkaleku hori behin-behinean irekitzea adostu zuen erakundeak jabeekin. Udalak, orain, lur horiek erostea adostu du haiekin, eta epe laburrean gauzatuko du erosketa. Beraz, aparkalekuaz gain eremu horretako zatirik handiena "esku publikoetara" pasatuko dela nabarmendu du herri erakundeak.
Behin lurren jabetza eskuratuta udalak eremu hori "ordenatzea" nahi duela jakinarazi du, eta gune horretan autoak soilik aparkatu ahal izango direla gaineratu du: "Egun karabanaz eta autokarabanaz betea dagoenez, Zestoan bisitariek aparkatzeko zailtasun handiak izaten dituzte, eta bere garaian udalak aparkaleku hori turismoak erakarritako bisitarientzat egin zuela gogoratu behar da". Bestalde, geltokiaren inguruan autokarabanentzako gunea prestatzeko asmoa du udalak, eta ordenantza bidez gune hori "arautu eta ordenatu" egingo dutela ohartarazi dute. Guztira, lurren jabetzara 165.000 euro bideratuko ditu erakundeak.
EAJren eskaera
Garikoitz Mendizabal Zestoako EAJren bozeramaileak kezka agertu zuen Zubiaurreko aisialdi gunea egiteko baimenik lortu ez delako, eta alkateari aisialdi gunearen proiektua behin betiko bertan behera gelditu al den galdetu zion. Ildo horretatik, Mendizabalek "prestutasuna" agertu zuen aisialdi gunearen proiektuarekin jarraitzeko: "Dauden bideak agortu nahiko nituzke proiektu hori egin ahal izateko".
Bestalde, LGBT+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatu zen atzo munduko hainbat txokotan, eta EH Bilduk mozio bat aurkeztu zuen egun horren harira osoko bilkuran. Besteak beste, egun horretako antolatutako deialdietan parte hartzeko deia egin zieten herritarrei, eta LGBT+ mugimenduaren borrokarekin bat egiten zutela ere azaldu zuten. EAJren eta EH Bilduren aldeko botoekin onartuta gelditu zen mozioa.