Aurrera jarraitzen du Zestoako X. Antzerki Asteak

Anartz Izagirre 2022ko ekainaren 29a

'Zergatik ez hitz egin Martinari buruz?' hitzaldia izan zen atzo, asteartea, Caravan Parken, eta Juan Alberto Gaztañagak zein Miren Amurizak solasaldia eskaini zuten. Gaur 'Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi' antzezlana izango da ikusgai, 20:30ean hasita.

Urteurren berezia ari dira ospatzen Eromen Produkzioak taldeko kideak; izan ere, aurten Zestoako X. Antzerki Astea antolatu dute, eta joan den ostiralean hasita askotariko antzezlan eskaintza osatu dute. Atzo, asteartea, ez zen antzezlanik izan herritarren gozamenerako, baina Zergatik ez hitz egin Martinari buruz? solasaldia entzuteko aukera izan zen. Miren Amuriza eta Juan Alberto Gaztañaga izan ziren gonbidatuak, eta Eromeneko Amancay Gaztañaga eta Goizane Barroso aritu ziren hitzaldia gidatzen.

Gaur, asteazkena, antzezlanekin jarraituko dute Zestoako Antzerki Astean, eta eskualdeko hiru artista igoko dira Caravan Parkeko agertokira; izan ere, Kamikaz Kolektiboko Amancay Gaztañaga zestoarrak, Erika Olaizola azpeitiarrak eta Iraia Elias zarauztarrak Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlana eskainiko dute, 20:30ean hasita —sarrerak agortuta daude—. Azpeitiko 39. Euskal Antzerki Topaketetan aurkeztu zuten obra hori, eta honako lotura honetan irakur daiteke Ane Olaizola kazetariak antzezlanaren inguruan ondutako erreportajea.

Bihartik igandera bitartean ere, egunero-egunero, antzezlanez gozatzeko aukera izango da Caravan Parken zein Kultur Etxean. Bihar, osteguna, Lur antzezlana izango da 18:30ean, Kultur Etxeko areto nagusian —lotura honetan eros daitezke sarrerak—; etzi, ostirala, Inork espero ez duena antzezlana ikusteko aukera izango da, 18:30ean, Kultur Etxeko areto nagusian —sarrerak turismo bulegoan daude salgai—; larunbatean, Eresia obra izango da Caravan Parken, 20:30ean —sarrerak, hemen—, eta azkenik, Sexberdinak antzezlanak itxiko du Zestoako X. Antzerki Astea —dagoeneko ez da sarrerarik gelditzen—, igandean, 20:30ean, Caravan Parken.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide