Eskualdeko beste hainbat txokotan bezala, Zestoan ere heltzear dira udalekuak. Datorren astelehenean, ekainak 27, hasiko dira udaleku irekiak, kirol udalekuak zein Uda Gazte programa, eta udalak adin-talde bakoitzeko hitzorduen eta lekuen berri eman du. Udaleku irekiei dagokienez, Haur Hezkuntzako 2. eta 3. mailetako haurrek —2 eta 3 urtekoak— Txanpinoian egon beharko dute, Haur Hezkuntzako 4. eta 5. mailakoek —4 eta 5 urtekoak— Kultur Etxearen aurrean, eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetakoek —6 eta 7 urte— Euskal Herria plazan. Horiek guztiek 10:00etan egon beharko dute zehaztutako lekuetan.
Bestalde, kirol udalekuetan izena eman dutenek 10:00etan egon beharko dute kiroldegiaren aurrean, eta Uda Gazte programakoek 09:30ean, leku berean. Udalak nabarmendu duenez, kiroldegiaren atarian daude argitaratuta osatutako taldeak zein kirol udalekuen eta Uda Gazte programaren egitaraua.