Pirinioetako Bidea ekimenean izena emateko mahaia jarriko dute asteburuan Zestoan

Nerea Uranga 2022ko ekainaren 23a

Atzo, asteazkena, uztailaren 2an egingo den Pirinioetako Bidea egitasmoa aurkeztu zuten Zestoako Alonderoko aretoan. Asteburuan, egitasmoan parte hartzeko izena emateko mahaia jarriko dute Zestoako Erdikalean.

Uztailaren 2rako antolatutako Pirineotako Bidea aurkeztu zuten atzo, Zestoan. Gure Eskuk eta Kataluniako hainbat eragilek antolatu dute Pirineoak argiztatzeko egitasmoa. Autodeterminazio eskubidearen aldarria lau haizetara zabaltzeko, Pirinioetako 300 tontor argiztatuko dituzte uztailaren 2an, Hondarribiko (Gipuzkoa) Higer lurmuturretik Kataluniako Creus lurmuturrera argi lerro bat osatuz. Atzo Zestoan izandako hitzaldian azaldu zutenez, hamahiru zestoar mendizalek eman dute izena Pirinio erdiko 3.000 metroko bi gailur argiztatzeko. Mendizale horiek bete beharreko baldintzak dira, ordea, mendian federatuta egotea eta eskarmentua izatea.

Gainontzeko herritarrentzako, edozeinek egiteko moduko tontorrak izendatu dituzte egitasmoaren antolatzaileek. Zestoarren kasuan, Manddale (573 metro) Lapurdi eta Nafarroa arteko mendia argiztatuko dute uztailaren 2an, aizarnazabaldarrekin, zumaiarrekin eta azkoitiarrekin batera. Egitasmoan izena Internetez eman daiteke, edota asteburuan Zestoako Erdikalean jarriko duten mahaian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide