Zestoan ere San Joan sua piztuko dute bihar, eta ekitaldi hori dela-eta segurtasunari lotutako zenbait ohar plazaratu ditu gaur Zestoako Udalak. Herriko plazan piztuko dute sua bihar gauean, 22:15ean, eta 23:30ean ekingo diote arduradunek su hondarrak itzaltzeari.
Udalak ohartarazi du "guztiz debekatuta" egongo dela udalak jarritako erregaiaz gain su eremura beste ezer botatzea, eta debeku hori "sua piztu aurretik zein ondoren zorrozki bete" beharko dutela herritarrek. Sua piztuta dagoen bitartean jendea bertara ez hurbiltzea ere gomendatu du udalak; "gurasoen erantzukizuna da gomendio hori betearaztea, adin txikikoen kasuan", gaineratu du erakundeak. Era berean, sua pizteaz eta haren jarraipenaz arduratuko den udal langileak eman ditzakeen "jarraibideei kasu egitea eskatzen" du udalak.