Berdeguneei buruzko hainbat iradokizun egin dizkiote ikasleek Zestoako Udalari

Julene Frantzesena 2022ko ekainaren 20a

Eskolako Agenda 2030en barruan, berdeguneei buruzko lanketa egin dute ikasleek, eta horiek hainbat iradokizun egin dizkiote udalari. Joan zen astean egin zuten proposamenak biltzeko eta alkateari jakinarazteko batzarra, udaletxean.

Eskolako Agenda 2030en barruan, Zestoako Herri Eskolako ikasleek eta udal ordezkariek udalbatzarra egin zuten joan zen astean. Ikasleen arteko foroan hainbat berdeguneei buruzko hainbat proposamen bildu zituzten, eta batzarrean alkateari jakinarazi zizkioten horiek.

Besteak beste, belardien mozketak neurtzeko, Zumaia eta Iraeta arteko bidegorriaren proiektuarekin jarraitzeko, Arroako eskolaren parean MTB pista egiteko, belardiak eta herri bideak garbi mantentzeko, herriko landarediari karteltxo informatiboak jartzeko eta txakur kakak jasotzeko zorroak banatzeko nahiz horiek biltzeko ontzi gehiago jartzeko eskatu diote erakundeari.

Gai horien guztien gaineko lanketa egin dute ikasleek ikasturte honetan, eta datorren ikasturtean proiekturako gaia energia izango dutela zehaztu dute. "Azken aldian gai horretaz asko hitz egiten denez, lanketa interesgarria izango delakoan gaude", azaldu dute herri eskolako ordezkariek.

Alkateak ikasleek egindako proposamenak erantzun zituen, eta haurrek hainbat konpromiso hartu zituzten, hala nola zaborra zelaietara ez botatzeko, txakur kakak jasotzeko, parkeak zaintzeko eta bizikletan gehiago ibiltzeko nahiz garraio publikoa erabiltzeko konpromisoa agertu zuten horiek. Saioa bukatzean hamaiketakoaz gozatu zuten ikasleek, eta taldeko argazkia atera zuten haiek nahiz udal ordezkariek udaletxearen aurrean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide