Lizarraitz auzunearen ondoko eremua berritzeko lanak hasi ditu Zestoako Udalak

Julene Frantzesena 2022ko ekainaren 20a

Euri urak jasotzeko saretak berritu, argiteria publikoa jarri eta 420 metro koadroko azaleran hormigoi inprimatuzko zorua ezarriko dute. Lan horiek bukatzean, Arteaga kaleko plazatxoa berrituko du erakundeak.

Lizarraitz auzunearen ondoko eremua berritzeko lanak hasi ditu Zestoako Udalak. Lehengo astean hasi ziren egiteko horrekin; zehazki, udal brigadako kideek hango zuhaixkak kendu zituzten, berritze lanak egingo dituen enpresa obrekin has zedin. Euri urak jasotzeko saretak berritu, argiteria publikoa jarri eta 420 metro koadroko azaleran hormigoi inprimatuzko zorua jarriko dute. Obrak hiru astean amaitzea aurreikusten du udalak, eta horien kostua 39.383 eurokoa izango da.

Lan horiek bukatzean, Arteaga kaleko 3. zenbakidun eraikinaren ondoan kokatuta dagoen plazatxoa eraberritzen hasiko da erakundea. Zintarri eta euri urak jasotzeko sareta berria jarriko ditu han, eta era berean, zuhaitz berria landatu eta 245 metro koadroko azaleran zorua aldatuko dute. Gunea, gainera, oinezkoentzako egokituko dute, eta autoek ezingo dute hara sartu. Lan horiek bi astetan egingo dituzte, eta horien aurrekontua 29.146 euroko da.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide