Sarrionandiaren eta Osinagaren emanaldiaz gozatu dute zestoarrek

Maialen Etxaniz 2022ko ekainaren 11

Joseba Sarrionandia idazleak eta Ines Osinaga musikariak 'Olatu arteko txalupa arraroa' ikuskizuna eskaini zuten atzo arratsaldean Portalen. Jende ugari bertaratu zen emanaldiaz gozatzera.

Olatu arteko txalupa arraroa ikuskizuna eskaini zuten atzo arratsaldean Joseba Sarrionandia idazleak eta Ines Osinaga musikariak Zestoako Portale kultur elkartean, eta jende ugari bertaratu zen emanaldiaz gozatzera. Portale atarian jarri zuten oholtza, giro ederra zegoela aprobetxatuta, eta bertan eskaini zuten poesia eta musika uztartzen dituen emanaldia Sarrionandiak eta Osinagak. Ordubete pasatxo inguruko saioa eskaini zuten bi artistek, eta ikuskizunaren nondik norakoak partekatu zituzten bertaratutako herritarrekin.

Ikuskizuna osatzen duten hitzak Joseba Sarrionandiak sortu zituen Kuban zegoela, duela ia hamar urte inguru. Hitz haiei musika jarri zien Gose taldeko Ines Osinagak, eta Gosariak proiektua sortu zuten elkarrekin. Orain, idazlea Euskal Herrian dela, letra horien jatorria eta arrazoia azaltzeko ikuskizuna sortu dute. ‘Olatu arteko txalupa arraroa’ emanaldiak dozena bat testu biltzen ditu eta “bidaia luzeko kantuak dira, edo, hobeto esanda, kantuak dira bidaia”, sortzaileen esanetan; izan ere, Habanan sortutako testuak, Atlantikoa zeharkatu zuten, eta Euskal Herrira heldu ziren “eskuz esku, konplizez konplize, sekretu bat konpartitzen dutenen artean sortzen den zirrara hori lagun”.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide