Egunez aldatu dute Zestoako Antzerki Astean umeek eskainiko duten 'Inork espero ez duena' obraren emanaldia

Ane Olaizola 2022ko ekainaren 3a

Zestoako Arte Eszenikoen Eskolako haur eta gaztetxoak uztailaren 1ean ziren 'Inork espero ez duena' antzezlana taularatzekoak, baina ekainaren 27an egingo dute, Kultur Etxean, 18:30ean.

Ekainaren 24an hasiko da Zestoako Antzerki Astearen hamargarren edizioa, eta egitaraua kalean da dagoeneko. Dena den, antolatzaileek data aldaketa baten berri eman dute gaur: uztailaren 1ean eskaintzekoa ziren Inork espero ez duena antzezlana ekainaren 27ra aurreratu dute. Zestoako Arte Eszenikoen Eskolako haur eta gaztetxoen antzezlana da hori, eta haiek Kultur Etxean taularatuko dute lana, 18:30ean. Ondoren, 20:30ean, Bidaide antzezlana izango da Caravan Park-en. Sarrerak Entradium webgunean eta Zestoako Turismo Bulegoan daude salgai, hiru eurotan.

Bestalde, Xake Produkzioak taldeak haurrei zein helduei eskainiko dien Lur antzezlanaren berri ere eman dute antolatzaileek. Erika Olaizola, Kepa Errasti, Nerea Gorriti eta Mikel Laskurain dira obraren antzezle, eta honako hau da bere sinopsia: "Julian jostailu denda zahar baten jabe da. Egun gutxi barru Anek, bere bilobak, zortzi urte beteko ditu eta opari berezi bat prestatzen ari zaio, berarentzat propio egindako panpina. Ane eta Julianek bidaia zirraragarri bat hasiko dute panpinarekin batera, desioak betetzen dituen izar magikoaren bila. Itxuraz abendura irudimentsuak dirudienak Aneren eta Jonen, bere aitaren, arteko harremana birbideratzeen lagunduko du. Azkenaldian, Jonek onarpen arazo bat dauka. Izan ere, Ane, mutila da". 18:30ean izango da emanaldia Caravan Park-en.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide