Ezkaizto auzo elkarteak antolatuta, Udaberriko II. Argazki Rallya egingo dute igande honetan, ekainak 5, Arroabean. 10:00etan hasiko da lehiaketa, eta partaideek hiru ordu izango dituzte argazkiak ateratzeko. Parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute —doakoa da—, eta horretarako arroako.argazkirally@gmail.com helbide elektronikora mezu bat bidali beharko da. Horrez gain, egunean bertan ere egongo da horretarako aukera, 09:30etik 10:00etara bitartean, Elkargune lokalean.
Izena ematerakoan zehaztu egin beharko dute partaideek zein kategoriatan parte hartu nahi duten. Bi maila egongo dira: 16 urte artekoen kategoria eta 16 urtetik gorakoena. Norberak bere kamerarekin edo mugikorrarekin atera beharko ditu argazkiak, eta kamera ekarriz gero, txartelak hutsik egon beharko du. Lanak honako helbide elektronikora bidali beharko dira ekainaren 12a baino lehen: arroako.argazkirally@gmail.com.
Rallyaren oinarriak
Ibilbidean zehar argazkiak ateratzeko lau gai proposatuko dituzte —eta lokalean egiteko beste bat—. Horrez gain, Arroabearen barruan ibilbide bat proposatuko dute argazkiak egiteko. Lehiaketaren egunean bertan jakin ahal izango dira gaia keta ibilbidea. Rallya amaitzean, parte-hartzaile bakoitzak gehienez 38 argazki eraman ahal izango ditu, JPG formatuan, kontrol-argazkia barne. Horiek Elkargune lokalean deskargatu beharko dituzte partaideek rallya amaitutakoan, erakundearen ordenagailuan. Mugikorrarekin parte hartuz gero, USB kablea eraman beharko da zeregin horretarako.
Argazkiak deskargatu ondoren, partaide bakoitzak aukeraketa egin ahal izango du etxean, eta ekainaren 12a baino lehen aurkeztu beharko dira. Argazkien elementuak ezingo dira aldatu, hau da, oinarrizko ukituak bakarrik egin ahal izango dira horietan: kontrastea, distira, enkoadratzeko moztea eta argazkia zuzen jartzea.
Gai bakoitzeko argazki bat eta kontrol-argazki bat aurkeztu ahal izango dira lehiaketara —guztira, sei argazki—, eta JPG formatuan aurkeztu beharko dira. Argazki bakoitza honela izendatu beharko da: gaiari dagokion hizkia (punturik, gidoirik eta espaziorik gabe) eta parte-hartzailearen zenbakia (hiru zifra). Adibidea: A014.jpg.
Lehiaketaren sariak
16 urte artekoen kategorian hiru sari banatuko ditu epaimahaiak, eta 16 urtetik gorakoen artean, beste hiru. Horrez gain, partaide guztien artean auzoko sailkapenik onenaren saria —Arroan bizi eta beste kategoria batean irabazi ez dutenentzako—, eta argazki onenaren saria —puntuaziorik altuena lortzen duena— egongo dira. Hiru pertsonak osatuko dute epaimahaia, eta epaimahaikideek ezingo dute rallyan parte hartu. Ekainaren 20an jakinaraziko dute zeintzuk diren irabazleak, eta ekainaren 24an izango da sari banaketa, 19:30ean.