XII. Koben Eguna ospatuko dute larunbatean Ekainberrin

Anartz Izagirre 2022ko maiatzaren 31

Lurpe sareak antolatzen du urtero Koben Eguna, eta aurtengo edizioan argazki lehiaketa da berezitasuna. Larunbatean, ekainak 4, sarrera berezi bat izango da Ekainberriko bisitarientzat, eta horiek erosteko aurrez izena eman beharko da.

Ekainberrin XII. Koben Eguna ospatuko dute datorren larunbatean, ekainak 4, eta egun horretarako bisita berezia antolatu dute Zestoan. Euskal Herriko zortzi kobaz —Ekainberri tartean dago—osatuta dagoen Lurpe sareak antolatzen du egun hori, eta aurtengo ediziorako argazki lehiaketa bat antolatu dute. Bisitariek, salbuespen moduan, argazkiak atera ahal izango dituzte kobazuloaren barruan, eta, ondoren, lehiaketan parte hartu ahal izango dute. Horretarako, aurrez izena eman beharko da sarreren salmenta bulegora joanda (Portale kalea, 1), 943-86 88 11 telefonora deituta edo info@ekainberri.com helbide elektronikora idatzita.

Izena ematen duten bisitariak 14:30ean bilduko dira larunbatean sarreren salmenta bulegoan, eta han argazkien lagapen baimena sinatu beharko dute lehiaketan parte hartzeko. Jarraian, Ekainberrirainoko bidea egingo dute oinez, gida baten laguntzarekin. Partaideek 15:00etatik 16:00etara bitartean izango dute argazkiak ateratzeko aukera, eta kobazuloaren barruan ateratako argazkiek soilik balioko dute lehiaketan. Antolatzaileek adierazi dutenez, larunbatekoa ez da ohiko bisita gidatua izango, argazkiak ateratzeko denbora utziko baitiete bisitariei.

Argazkiak ekainaren 6a baino lehen lehiaketaren plataformara igo beharko dituzte partaideek. Lehiaketaren irabazlea Ilunpeart elkarteak osatutako epaimahaiak erabakiko du, eta irabazlearentzako saria honakoa izango da: Lurpeako zortzi kobetako produktuekin osatutako otarre bat eta zortzi kobak bisitatzeko bonu bat. Argazki lehiaketako oinarri guztiak lehiaketaren plataforman irakur daitezke.

Era berean, ekainaren 4an eta 5ean Kobaren Egunera joaten diren bisitari guztiek zozketa batean parte hartzeko aukera izango dute. Ekainberriko sarrerak erosten dituztenek tiket bat bete beharko dute sarreren salmenta bulegoan, eta zortzi kobetan egondako bisitari guztien artean honako saria zozkatuko dute: Urdazubiko Ikaburua ostatuan gau bat gosariarekin bi pertsonentzat eta zortzi kobak bisitatzeko bonu bat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide