Bi urte herrian festak ospatu ezinik izan ostean, Zestoan prest daude aurten festak eta udako ekintzak antolatzeko. Horretarako lehen bilera egingo dute datorren ekainaren 8an, asteazkena, Alonderon. 19:30ean izango da lehen bilera, eta Zestoako Udalak juntadizo horretara joatearen garrantzia azpimarratu du; izan ere, adierazi dutenez, "erabateko lehentasuna" izango dute bileran proposatzen diren ekitaldiek, "beste guztien gainetik".
Hainbat puntu landuko dituzte lehen bilera horretan: Udan zer Zestoan? egitaraua, abuztu amaierako proposamenak, uda amaierako kontzertua, Edadetuen Egunari buruzko nondik norakoak —aurten XI. Txistularien Alardea izango da—, festetako egunen errepasoa, ekitaldi nabarmenen kokapena —zekorketak, pilota partidak, umeen bazkaria...—, txupinazoa, eta beste hainbat kontu.