Asentzio jaiak ari dira ospatzen Zestoako Endoia auzoan

Andoni Elduaien 2022ko maiatzaren 29a

Ostegunetik ari dira ospatzen auzoko jaiak Endoian. Gaur, meza egin dute lehenik auzoko ermitan, eta ondoren, dantza eta magia ikuskizuna izan dira auzoan.

Zestoako Endoia auzoan Asentzio jaiak ari dira ospatzen ostegunaz geroztik. Gaur, igandea, meza egin dute 11:00etan, eta ondoren, Itziarko dantza taldeak erakustaldia eskaini du; Antsorregi eta Larrañaga trikitilariak arduratu dira musikaz. Dantzaldia amaitu bezain pronto hasi da Iago Mago, eta hark behin baino gehiagotan txunditu ditu auzoan elkartu diren lagunak. 14:00etan, bazkaria egingo dute, eta hura amaitzean (17:30) hasiko dira herri kirolak. Ondoren, Lopene ganadutegiko zezenak eta pottokak izango dira, eta trikitilariak ere etenik gabe arituko dira.

Ostegunean, hasi ziren jaiak auzoan. Meza egin zuten orduan ere, eta lagunarteko afaria ondoren auzotarrek. Afalostea Manex eta Erkizi trikitilariek girotu zuten. Ostiralean, bertso afaria egin zuten Aitor Mendiluze eta Iker Zubeldia bertsolariekin, eta haien lana amaitutakoan hasi ziren Manex eta Erkizi trikitilariak. Atzo, larunbata, umeentzako jolasak egin zituzten lehenik ndoian, eta ondoren txokolatada prestatu zuten haientzat; pottokak ere zelairatu zituzten. Gauean, ostera, Ostolaza eta Larrañaga trikitilariek giro ederra sortu zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide