Hiri Antolamenduko Plan Orokorra berrituko du Zestoako Udalak, herritarren laguntzarekin

Ihintza Elustondo 2022ko maiatzaren 27a

HAPO berria osatzeko, herritarren parte hartzea eskatu du udalak. Batetik, herritar guztiei zuzendutako galdetegia prestatu du erakundeak, eta bestetik, informazio saioa izango da ekainaren 1ean. Herria ezagutzeko ibilaldia ere egingo dute ekainaren 4an.

"Zestoar guztien etorkizuneko beharrei erantzungo dien" Hiri Antolamendu Plan Orokor (HAPO) berria egiten ari da Zestoako Udala. Erakundeak azaldu duenez, proposamen berri horrek "herritar guztien ikuspegiak" hartuko ditu kontuan: "Beharrezkoa da emakumeak, haurrak, mugikortasun arazoak dituzten pertsonak eta abar kontuan izatea horrelako planak egiteko orduan. Hori da hirigintza inklusiboa".

Plan hori gauzatzeko, herritarren parte hartzea bultzatu nahi du udalak, eta horretarako, hainbat ekintza antolatu ditu Erdu enpresarekin; enpresa horrek egingo du HAPOaren diagnostikoa. Batetik, herritar guztiei zuzendutako galdetegia prestatu dute, eta haren bidez, herrian dauden hirigintza arazoak eta beharrak identifikatu ahal izango dituzte udalak eta erredaktore taldeak. Hemen erantzun daiteke galdetegia euskaraz, eta hemen gaztelaniaz.

Bestetik, datorren asteazkenean, ekainaren 1ean, hirigintza inklusiboari buruzko hitzaldia izango da, Alonderoko kultur aretoan, 18:00etan. Hirigintza inklusiboa zer den azalduko dute bertan, eta Zestoan egiten ari diren proiektuaren berri ere emango dute. Egun batzuk geroago, ekainaren 4an –larunbata–, herrigunean nahiz auzoetan barrena ibilaldia egingo dute, herria denen artean aztertzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide