Oñatira irteera egingo dute Zestoa Osasuntsu egitasmoarekin amaitzeko

Ihintza Elustondo 2022ko maiatzaren 27a

Egun osoko irteera egingo dute ekainaren 16an Oñatira, eta astelehenean zabalduko dute izena emateko epea. Zestoa Osasuntsu egitasmoaren "oso balorazio positiboa" egin du udalak; batez beste, 35 pertsona elkartu dira tailerretan eta beste 25 ibilaldietan.

Zestoa Osasuntsu egitasmoari amaiera emateko, bi ekintza antolatu dituzte datozen asteetarako. Batetik, hileko lehen ostegunetan ohi bezala, ibilaldia egingo dute ekainaren 2an, 10:30ean kiroldegiaren ataritik abiatuta, eta 12:00etan bukatuko dute ekintza, hamaiketakoarekin. Bestetik, egun osoko irteera berezia egingo dute ekainaren 16an, osteguna; Oñatira (Gipuzkoa) joango dira.

Ekainaren 16ko ibilaldian parte hartu nahi dutenak 09:15ean elkartuko dira, Gurutzean. Handik Urkulura joango dira, eta urtegiari itzulia emango diote; zortzi kilometroko ibilbidea osatuko dute gutxi gorabehera, baina gutxiago ibili nahi duenak ere izango du horretarako aukera. Ondoren, mokadu txiki bat egingo dute, eta 14:30ean, Oñatiko jatetxe batean bazkaria izango da. 16:15ean, bisita gidatua egingo dute Oñatiko unibertsitatean, eta 19:00etan itzuliko dira Zestoara.

Ibilaldian parte hartu nahi dutenek astelehenetik –maiatzak 30– ekainaren 9ra bitartean eman dezakete izena, Udal Kiroldegira joanda edo 943 14 79 42 telefono zenbakira deituta. Plaza kopuru mugatua izango da. Txangoan parte hartzeko, 25 euro ordaindu beharko da; prezio horretan sartzen dira hamaiketakoa, bazkaria eta bisita gidatua. Dirua egunean bertan jasoko da, autobusean.

"Balorazio oso positiboa"

Zestoa Osasuntsu programa azaroan jarri zuten martxan, Adinekoen Mahaian proiektua landu eta onartu ostean. Udalak azaldu duenez, COVID-19aren izurriaren eraginez, herritarrek mugimenduak mugatuta izan dituzte azken bi urteotan, eta horrek harreman sozialak eta jarduera fisikoa egiteko "aukerak mugatu" ditu. Erakundearen arabera, "ukaezina" da egoera horrek herritarren osasunari eragin diola: "Egoera bereziki gogorra izan da etxean bakarrik bizi diren adinduentzat". Kezka horretatik abiatuta jarri zuten Zestoa Osasuntsu egitasmoa martxan, adinekoak jarduera fisikoa egitera bultzatzeko. 

Udalak azaldu duenez, hilabete hauetan programan izandako parte hartzearen "balorazioa oso positiboa" egiten dute: "Batez beste, 35 pertsona elkartu dira tailerretan, eta beste 25 ibilaldietan".

(Argazkia: Zestoako Udala)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide