Joseba Sarrionandiak eta Ines Osinagak ikuskizun musikatua eskainiko dute ekainaren 10ean Zestoan

Maialen Etxaniz 2022ko maiatzaren 27a

Musika eta literatura uztartzen dituen ‘Olatu arteko txalupa arraroa’ ikuskizuna aurkeztuko dute Sarrionandiak eta Osinagak Portale kultur elkartean. Sarrera doakoa izango da, eta 19:00etan hasiko da emanaldia.

Olatu arteko txalupa arraroa ikuskizuna eskainiko dute Joseba Sarrionandia idazleak eta Ines Osinaga musikariak ekainaren 10ean Zestoako Portale kultur elkartean. Emanaldian poesia eta musika uztartuko dituzte, eta 19:00etan hasiko da. Emanaldiak 80 minutu inguru iraungo du. Ikuskizuna osatzen duten hitzak Joseba Sarrionandiak sortu zituen Kuban zegoela, duela ia hamar urte inguru. Hitz haiei musika jarri zien Gose taldeko Ines Osinagak, eta Gosariak proiektua sortu zuten elkarrekin. Orain, idazlea Euskal Herrian dela, letra horien jatorria eta arrazoia azaltzeko ikuskizuna sortu dute, eta Zestoan egingo dute geldialdia ekainaren 10ean. 

‘Olatu arteko txalupa arraroa’ emanaldiak dozena bat testu biltzen ditu eta “bidaia luzeko kantuak dira, edo, hobeto esanda, kantuak dira bidaia”, sortzaileen esanetan. Izan ere, Habanan sortutako testuak, Atlantikoa zeharkatu zuten. eta Euskal Herrira heldu ziren “eskuz esku, konplizez konplize, sekretu bat konpartitzen dutenen artean sortzen den zirrara hori lagun”.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide