Zortzi antzezlanekin eta hizketaldi batekin dator Zestoako Antzerki Astea

Mailo Oiarzabal 2022ko maiatzaren 26a

Ekainaren 24tik uztailaren 3ra egingo dute eta sarrerak salgai daude gaurtik Interneten. Hamar urte beteko ditu aurten egitasmoak, eta iaz bezala, Caravan Park-en izango dira emanaldi ia guztiak.

Zestoako Antzerki Astearen egitaraua jakinarazi eta sarrerak salgai jarri dituzte dagoeneko. Hamar urte beteko ditu aurten kultur egitasmoak, eta urteurren borobil hori ospatzeko "egitarau aparta" osatu dutela nabarmendu dute antolatzaileek.

Ekainaren 24an hasi eta uztailaren 3an bukatuko da aurtengo edizioa, eta zortzi antzezlanek eta hizketaldi batek osatuko dute hamar egun horietako egitaraua. Hasteko, lehen bi egunetan, ekainaren 24an eta 25ean, herriko Eromen Produkzioak taldeak Haykio lan berria aurkeztuko du; egun bakoitzean hiru funtzio egingo dituzte, 20:30ean, 21;45ean eta 23:00etan. Gainerako egunetan, helduentzako emanaldiak 20:30ean hasiko dira, eta haurrei zuzendutakoak 18:30ean.

Iaz bezala, Caravan Park-en eraikinak hartuko du Zestoako Antzerki Astea. Saio bakarra egingo dute hortik kanpo, uztailaren 1ean antzerki eskolako haurrek eta gaztetxoek Kultur Etxeko aretoan eskainiko dutena.

Sarrerak eskuragarri

Gaurtik salgai daude Interneten antzerki asterako sarrerak, Entradium atarian, eta larunbatetik aurrera turismo bulegoan ere eskuratu ahal izango dira. Gainera, turismo bulegoa izango da aste osorako bonuak eta Eromen Produkzioaken Haykioren emanaldietarako sarrerak eskuratzeko gune bakarra.

Antzerki astearen informazio puntua jarriko dute gaur eta bihar 19:00etan Erdikalean, eta han ere salduko dituzte sarrerak. Helduen antzezlanen sarrerak 8 eurotan salduko dituzte, 3 eurotan haurrentzako emanaldienak, eta Haykio ikusteko 10 euro ordaindu beharko dira.

Egitaraua

Hau da 2022ko Zestoako Antzerki Astearen egutegia:

Ekainak 24, ostirala

  • Haykio (Eromen Produkzioak).

Ekainak 25, larunbata

  • Haykio (Eromen Produkzioak).

Ekainak 26, igandea

  • Harri minak (Bonbon Beltz).

Ekainak 27, astelehena

  • Bidaide (Metrokoadroka).

Ekainak 28, asteartea

  • Zergatik ez hitz egin Martinari buruz? hizketaldia.

Ekainak 29, asteazkena

  • Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi (Kamikaz Kolektiboa).

Ekainak 30, osteguna

  • Lur (Xake Produkzioak).

Uztailak 1, ostirala

  • Inork espero ez duena (Zestoako Antzerki Eskolako haur eta gaztetxoak). Kultur Etxeko aretoan.

Uztailak 2, larunbata

  • Eresia (Oier Zuñiga).

Uztailak 3, igandea

  • Sexberdinak (Tanttaka).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide