Bihar, osteguna, hasiko dira Asentzio jaiak Zestoako Endoia auzoan. Igandera bitartean hamaika ekintza egingo dituzte auzoan, hala nola erromeriak, bertso saioak, bazkari-afariak eta haurrentzako ekintzak. Bihar, 20:00etan, meza izango da auzoan, eta ondoren auzotarren arteko afaria egingo dute. Afalostean, berriz, erromeria egingo dute Manex eta Erkizi trikitilariekin.
Ostiralean, bertso afaria egingo dute Endoian. 20:30ean hasiko dute afaria, eta gero, Aitor Mendiluze eta Iker Zubeldia bertsotan arituko dira. Haiek lana amaitzen dutenean, Manex eta Erkizi trikitilariek erromeria egingo dute. Larunbatean, 17:30ean, umeentzako jolasak egingo dituzte auzoan, eta ondoren txokolatada prestatuko dute. Pottokak ere zelairatuko dituzte. Gaua, berriz, Ostolaza eta Larrañaga trikitilariek girotuko dute; 23:00etan hasiko da bikotea emanaldiarekin.
Igandea izango da Asentzio jaietako azken eguna. 11:00etan, meza egingo dute. Elizkizuna amaitutakoan, 12:00etan, Itziarko dantza taldeak erakustaldia egingo du auzoan. Ondoren, Iago Magok ikuskizuna eskainiko du. 14:00etan, aldiz, auzo bazkaria egingo dute, eta hura amaitzean (17:30) hasiko dira herri kirolak. Ondoren, Lopene ganadutegiko zezenak eta pottokak izango dira. Festak Antsorregi eta Larrañaga trikitilarien erromeriarekin amaituko dira Endoia auzoan.