Lehen liburua plazaratu berri du Kepa Iribar kazetari getariarrak: 72 ordu. Misteriozko eta tentsiozko eleberria da, eta Erein argitaletxearen bidez argitaratu du, Uzta Gorria sail beltzean. Donostiako Udal Liburutegian egin du gaur aurkezpen ekitaldia, Inazio Mujika editorearekin batera.
Atzerako kontaketa baten kronika da funtsean eleberria eta, Mujikak azaldu duenez, "ahozkotasunaren eragina" antzeman egiten da Arroabeko bizilagunaren prosan; izan ere, irrati kazetaria da ofizioz getariarra. Liburuaren tituluak dioen moduan, 72 ordu dira kontatzen direnak, eta tentsioa da nagusi istorioaren hasieratik bukaerara. Tentsio hori mantendu ahal izateko mehatxu bat baliatzen du idazleak. Irailaren 6an izango den Elkanoren Lehorreratzearen bezperetan dago kokatuta istorioaren abiapuntua, zehazki, Getariako Udalean. "100 urte dira Getarian lehen lehorreratzea egin zela, eta 500 urte mundubiratik. Horren urteurren biribila izanik, dena da prestakuntza, lana eta festa istorioaren hasieran. Baina, bat-batean, heriotza mehatxu bat jasotzen dute, eta hor guztia hankaz gora jartzen da", azaldu du Iribarrek.
Istorioa idazten hasteko pizgarriak Iribarrek eginiko hainbat hausnarketa izan ziren. Juan Sebastian Elkanok egindakoaz inoiz baino gehiago hitz egin da azken urteetan mundu biraren urteurrenaren harira, baina, Iribarren arabera, "pertsona bezala ez dugu ezagutzen". Historialariek diotenez, 16. mendean ez zegoen ohitura handirik idatzizko dokumentuak gordetzeko, eta getariarrak pentsatu zuen zeinen altxor handia litzatekeen bat-batean agertutako Elkanoren eguneroko bat. Bestetik, aipatu du Elkano ez dela oso pertsonaia ezaguna nazioartean, "historialariek diotenez". "Nik uste euskalduna izan ez balitz eta, adibidez, ingelesa izan balitz, askoz ezagunagoa izango litzatekeela. Honezkero, Hollywoodek behintzat filmen bat eskainia izango lioke", esan du idazleak. Ideia horiek buruan biraka zerabilzkiela, misteriozko istorio baterako ideia sortu zitzaion.
Getaria, protagonista bat gehiago
"Liburua irakurtzen duenari Getariara joateko gogoa piztuko zaio", esan du aurkezpenean Mujikak. Izan ere, "bertakoek bakarrik ulertzeko moduko" elementu asko agertzen dira, hala nola tokien izenak eta hitz bereziak. "Bere herriaren maitale batek besteoi herria maitatzen irakatsi digu", gaineratu du editoreak.
Iribarrek ere garrantzia eman dio eszenatokiari. "Nire jaioterria da, eta urte sasoi konkretu batean kokatu dut, uda amaieran". Aipatu du "jolas baten modukoa" izan dela, bere herriari beste begi batzuekin begiratzeko. "Ni orain arte ez naiz Kale Nagusiari begira jarri, eta pentsatu hemen non egin daitekeen atentatu bat".
Herriaz gain, herritarrentzat oso berezia den une batek ere pisu handia du liburuan: Elkanoren Lehorreratzeak. Nolabait, etorkizunean kokatu du istorioaren kontaketa, aurtengo irailaren 6an egingo den lehorreratzean gertatzen baita istorioa. Liburuan agertzen diren zenbait kontu ez dira zehatz-mehatz festan izango diren bezalakoak izango, aurten hainbat aldaketa egin baitituzte Iribarrek liburua idatzia zuenerako. Dena den, lehorreratzearen unean, kontrajarri nahi izan ditu mehatxua ezagutzen duen jende multzo txiki horrek duen tentsioa, festan dauden gainontzeko herritarren artean dagoen giro alaiarekin.