Hazi landaketarekin eta pintxo dastaketarekin, giro paregabean ari dira ospatzen Arroabeko sanisidroak

Maialen Etxaniz 2022ko maiatzaren 15a

Atzo hasi ziren sanisidroak Arroabean, eta haurrentzako zinema eta txokolatada eginda, bertso-afariarekin amaitu zuten eguna. Gaur eguerdian jarraitu dute festarekin, eta hazi landaketa nahiz bertako produktuen pintxo dastaketa egin dituzte eguraldi ederra lagun. Paella janarekin eta mus txapelketa azkarrarekin borobilduko dute eguna. Arroabeko Kutsaduraren Aurkako Lantaldearen sinadura bilketa egiteko ere probestu dituzte jaiak.

San Isidro festetan murgilduta dabiltza Arroabeko bizilagunak. Atzo, larunbatez, ekin zioten jaiei. Haurrentzako zinemaz, txokolatadaz eta buruhandiez gozatu ahal izan zuten auzotarrek Joxe Miel plazan. Iluntzean jarraitu zuten egitarauarekin, eta 80 lagun inguru bildu ziren bertso-kantu-afarian. 

Jaiak ez du etenik izan, eta gaur eguerdian jarraitu dute antolatutako ekintzekin. Hain zuzen, 12:00ak aldera hurbileko produktuen pintxo dastaketa eta haurrentzako barazki landaketa egin dituzte. Adin desberdinetako lagun ugani animatu da antolatutako ekintzetan parte hartzera, eta giro ederrean igaro dute goiz-eguerdia. Orain, 14:00ak aldera, paella jana egingo dute Txomin tabernan, eta mus txapelketarekin borobilduko dute eguna. 

Jaiak baliatuz salaketarako tartea ere hartu dute, eta Arroabeko Kutsaduraren Aurkako Lantaldeak martxan jarri duen sinadura bilketa egiteko mahaia jarri dute. Izan ere, Arroabean kezkatuta jarraitzen dute azkenaldian sumatu duten airearen “gehiegizko kutsadura” dela eta. Kezkatuta, eta arazoari aurre egiteko lanean ere bai. Horretarako eratu zuten joan den martxoan Kutsaduraren Aurkako Lantaldea, eta lantalde horrek auzotarren sinadurak eta salatzen duten kutsaduraren arrastoak erakusten dituzten argazkiak zein bideoak jasotzeko kanpaina jarri du martxan orain.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide