Azkenaldian, Zestoako herriko ondare publikoan "txikizioak ohikoak" bihurtzen ari direla salatu du Zestoako Udalak, eta txikizioen ondorioz kostu ekonomiko gehigarri bat beregain hartzea suposatzen dio erakundeari. Txikizio horiei aurre egiteko zaintza kamerak jarriko ditu udalak, "epe motzean", Zestoako Herri Eskolaren atarian. "Kostu ekonomiko gehigarria kezkatzeko kontua bada ere, ezta gutxiagorako azkenaldian herriko ondare publikoa apurtzeko zenbaitzuk hartu duten etengabeko jarrera. Egindako kalteak herritar guztioi eragiten digu", adierazi du udalak.
Zestoako Herri Eskolako eraikin nagusian segurtasun sistema bat jartzea erabaki du erakundeak. "Udal honen gustukoa ez da inon kamerak jartzea, baina txikizioak egiten dituztenen jarrerak harrapatzeko eta zigorrak ezartzeko helburuz hartuko ditugu segurtasun neurriak", esan du udalak.
Zestoako Herri Eskolan txikizioak. (Argazkia: Zestoako Udala)