Arroabean kezkatuta jarraitzen dute azkenaldian sumatu duten airearen "gehiegizko kutsadura" dela eta. Kezkatuta, eta arazoari aurre egiteko lanean ere bai. Horretarako eratu zuten joan den martxoan Kutsaduraren Aurkako Lantaldea, eta lantalde horrek auzotarren sinadurak eta salatzen duten kutsaduraren arrastoak erakusten dituzten argazkiak zein bideoak jasotzeko kanpaina jarri du martxan orain.
2019an sumatu zuten arazo bera errepikatzen ari delako antolatu dira Arroabeko herritarrak. Duela hiru urte, hauts beltza eta autoetan herdoila azaltzen zirelako, airearen kalitatea neurtzeko gailu ibiltaria eraman zuten Arroabera; neurketaren emaitzak ezarritako parametroen barruan zeudela eta, bere horretan gelditu zen kontua. Azken hilabeteetan, baina, berriro antzeman dute arroarrek hauts beltza ezohiko kopuruetan pilatzen dela han eta hemen, airearen kalitatearekiko kezka berpiztu da, eta arazoari irtenbidea eman nahi diote.
Ezkaizto auzo elkartearen otsaileko ohiko bileran gaia mahai gainean jarri ondoren, martxo hasieran osatu zuten Kutsaduraren Aurkako Lantaldea. Besteak beste, Zestoako Udalarekin batzartu ziren martxoan Arroabekoak. Udalak, bere aldetik, oharra plazaratu zuen, arroarrek helarazitako kezkaren eta ordura arte izandako hartu-emanaren berri emanez. Ohar hartan, Gri Castings S.L. enpresa aipatu zuen udalak Arroabeko bizilagunen kezkaren iturri gisa. Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailari egoeraren berri eman eta Gri Castings S.L enpresarekin harremanetan jarri zela zioen udalak; eta «nahiz eta gai honetan zuzeneko eskuduntzarik ez izan», egoera aztertzeko eta "ahalik eta konponbiderik egokiena emateko laguntza" eskaintzeko prest agertu zen, bizilagunei zuzenduz.
Kutsadurarekiko kezka ez da baretu, ordea, Arroabean, eta erakundeei neurriak eta irtenbideak eskatzeko ahalegin berria egitea erabaki dute auzotarrek.
Babesa eta frogak
"Aire ahalik eta garbiena arnastea" da Arroabekoek nahi dutena, eta egungo egoera konpontzea nahi dute horretarako.
Horrela, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen sailari eta Zestoako Udalari zuzendutako idatzi bat prestatu du Kutsaduraren Aurkako Lantaldeak, eta arroarrek idatzi horri babesa zein frogak atxikitzea nahi dute, sinadurak eta material grafikoa baliatuta. "Garrantzitsua iruditzen zaigu ahalik eta jende gehienak sinatzea. Eta horrekin batera, ahalik eta material grafiko gehien biltzea –argazkiak, bideoak...–. Sinadurak eta material grafikoa elkarrekin bidaliko ditugu. Honen bitartez, gure ezinegona agertzea eta Ingurumen Sailak gure iritzia kontuan izan dezala nahi dugu", dio Kutsaduraren Aurkako Lantaldeak bilketa kanpainaren berri emanez zabaldu duen mezuan.
Sinadurak eta aipatutako materiala jasotzeko kanpaina martxan da dagoeneko. Herritarrek Txara dendan, Ainhara ile-apaindegian, Txomin tabernan eta Alekar Zerbitzuak gasolindegian aurkituko dituzte sinadura emateko orriak. Gainera, asteburu honetan sinadurak biltzeko mahaia kalera ateratzeko asmoa agertu du Kutsaduraren Aurkako Lantaldeak, sanisidroak direla-eta Arroabean egingo dituzten zenbait ekitaldi baliatuta. Argazkiak eta bideoak, berriz, Whatsappez bidal ditzakete arroarrek, irudi bakoitzaren data eta igorlearen izen-abizenak zehaztuta, zenbaki hauetako batera: 652 73 23 80 (Kepa), 679 80 81 61 (Saray) edo 665 71 85 34 (Eli).