Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa martxan da dagoeneko. Gomazko paletako eta zesta-puntako txapelketak joan den astean hasi ziren, eta bihar abiatuko dituzte pilotariek eskuzko txapelketako final-zortzirenak. Azkoitia bihar zen txapelketa hastekoa, baina Bergara aurkariak jokatzeari uko egin ostean, zuzenean final-laurdenetara sailkatu da. Bestalde, Zestoak Tolosa hartuko du bihar 19:00etan, eta Azpeitiak larunbatean 16:15ean ekingo dio txapelketari Lasarte-Orian.
Eskuzko Herriartekoaren sailkapen historikoan Azkoitia dago buruan; izan ere, 1968an txapelketa abiatu zenetik, herri horrek eskuratu ditu txapel gehien: hamasei guztira. Sailkapeneko bigarren koskan dago Azpeitia, egungo txapelduna. Iaz, 2 eta 1 menderatu zuen Azpeitiak Oiartzun, eta horrela, historiako zortzigarren txapela jantzi zuten.
Beste txapelketak, abian
Joan den asteburuan ekin zioten zesta-puntako eta gomazko paletako Herriarteko txapelketei. Gomazko paletan Aia, Azkoitia, Zarautz eta Zestoa ari dira parte hartzen, eta zesta-puntan, Zumaia. Gomazko paletan, Aiak 3 eta 0 irabazi zion Errenteriari udal pilotalekuan; 20 eta 4 irabazi zuten Aiakoek kantxa osoan buruz buru, eta 20 eta 7 irabazi zuten binakako lehian nahiz zazpi koadroren barruan buruz buru jokatutako partidan. Azkoitiak, bestalde, 0 eta 3 menderatu zuen Zarautz Aritzbatalde frontoian. 7 eta 20 nagusitu zen Azkoitia kantxa osoan buruz buru, 13 eta 20 irabazi zuen binaka eta 3 eta 20 nagusitu zen zazpi koadro barruko buruz burukoan. Zestoak, aldiz, 1 eta 2 galdu zuen Donostiaren aurka Gurutzeaga pilotalekuan. Kantxa osoan, 7 eta 20 galdu zuen Zestoak buruz buru, binakako partidan sei tantoan gelditu ziren etxekoak, eta zazpi koadroren barruko buruz burukoa 20 eta 15 irabazi zuten.
Aste honetan jokatuko dituzte final zortzirenetako partida horien itzulerako partidak. Egunkari honek edizio hau ixterako, Aiako palistek amaitu gabe zuten Errenteriaren aurkakoa. Zestoak gaur 20:00etan jokatuko du Donostian, eta Azkoitiaren eta Zarautzen arteko itzulerako lehia igandeko 11:00etan hasiko da.
Zesta-puntako txapelketan, bestalde, ordezkari bakarra du Urola Kosta eskualdeak. Joan den astean, Zumaiak 2 eta 1 menderatu zuen Mutriku Aitzuri pilotalekuan. Aste honetan atseden astea du Zumaiak.