Espainiako Dantza Konpainia Nazionalak Giselle balletaren bere azken bertsioa eskainiko du maiatzaren 29an Donostiako Kursaalean, eta emanaldi hori ikustera Azkoititik, Azpeititik eta Zestoatik joan nahi dutenek joan-etorria autobusean eta doan egiteko aukera izango dute. Kursaal Eskura egitasmoaren barruan, Kursaal Eszenarekin hitzarmena dute hiru herri horietako udalek, Kursaaleko zenbait kontzertu eta ikuskizunetara joan nahi dutenei garraioa errazteko, eta Giselle balleta ikuskizun horietako bat izango da.
Maiatzaren 29ko dantza ikuskizunerako sarrerak –merkeenak 11 eurotan eta garestienak 42 eurotan jarri dituzte– Kursaalaren webgunean erosi ondoren gorde daiteke autobuserako tokia. Autobus hori erabili behar dutenek derrigor hartu behar dute tokia, Azpeitiko Udaleko 943-15 70 68 telefonora deituta edo kultura@azpeitia.eus helbidera idatzita; Azkoitiko Udaleko 943- 85 71 70 telefonora deituta edo kultu@azkoitia.eus helbide elektronikora idatzita, eta Zestoako Udaleko 943-14 71 23 telefonora deituta edo kultura@zestoa.eus helbide elektronikora idatzita. Maiatzaren 23an bukatuko da autobuserako erreserbak egiteko epea.
Maiatzaren 29an, 17:30ean irtengo da autobusa Azkoititik, Julio Urkixo kaleko geralekutik; 17:45ean irtengo da autobusa Azpeititik, anbulatorio aurreko geltokitik, eta, Zestoan, 18:00etan egingo du geldialdia, GI-631 errepideko geralekuan. Gutxienez hamabost pertsonako taldea ez bada osatzen, ordea, eskaintza bertan behera utziko dute. 19:00etan izango da emanaldia Kursaalean.
Gazteak eta langabetuak
30 urte artekoek zein langabezian dauden herritarrek ere baldintza berberetan hartu beharko dute tokia autobusean joan nahi badute, baina sarrerak eskuratzeko modua ez da bera izango bi multzo horietan daudenentzat.
Gazteek eta langabetuek hiru eurotan eros ditzakete ikuskizunerako sarrerak. Horretarako, bakoitzak bere herriko udalera deituta edo idatzita egin beharko du sarreren erreserba, autobusarena bezalaxe. Ikuskizunaren egunean, Kursaaleko leihatilan jaso eta ordaindu beharko dituzte sarrerok, dagozkien agiriak aurkeztuta. Behin erreserba eginda, Kursaaleko leihatilara gerturatu beharko du interesdunak ikuskizunaren egunean bertan, eta bere adina (Ordu Gaztea) zein lan egoera (langabetua) egiaztatu ostean, sarrera ordaindu beharko du.
Espainiako Dantza Konpainia Nazionalak erromantizismo espainiarraren ikuspegitik sortutako Giselle balletaren bertsio berria da Donostian aurkeztuko duena, eta Becquerren poesia iturri hartuta, besteak beste, Espainiako tradizioak zein escuela bolera deiturikoak ikusi ahal izango dira ikuskizunean.