Uztapide Plazara bertso astea antolatu du Zestoako Udalak maiatzaren 17tik 22ra bitarterako Manuel Olaizola Uztapide bertsolaria zenaren oroimenez. Aurtengoa ez da Uztapideri lotutako urte borobila, aurten ez dago hari lotutako urtemuga datarik, baina hala ere haren obra, lana eta ibilbidea ezagutarazteko asmoz antolatu dute Uztapide Plazara bertso astea. Atzo arratsaldean aurkeztu zuten egitasmoa Zestoako alkate Mikel Arregi Ertxinek, Pako Aristi idazleak eta Aizpea Aristi eta Ioritz Zunzunegi gazte zestoarrek.
Hausnarketa batetik abiatuta antolatu dute ekimena, Zestoako gaztetxo eta belaunaldi berrietako herritarrek Uztapide nor izan zen ez jakiteak kezkatuta. Horrela azaldu du Zestoako alkateak: "Gurea bezalako kultura txikiek lehendik zailtasunak bazituzten, orain, digitalizazioak eta globalizazioak presentzia nabarmena duten garaiotan, zailtasun handiagoak dituzte. Bere garaian euskal kulturaren errreferente izandako hainbat pertsonaia ezezagun dira belaunaldi berrien artean, eta hori gertatzen da gure kasuan Uztapiderekin, ezezaguna da bera jaiotako herrian. Horren inguruan hausnatzen hasi ginenean topo egin genuen Bertsozale elkarteak argitaratutako eta Pako Aristik idatzitako Nire Uztapide liburuarekin". Horrela jarri ziren harremanetan Pako Aristirekin, eta pixkanaka-pixkanaka osatu zuten aurkeztu berri duten egitaraua. Zestoako alkateak adierazi duenez, antolatutako ekintzak baliatu nahi dituzte herriko gaztetxo eta gazteei Uztapide nor zen ezagutarazteko. Hori dela eta, bertso astearen harira, herriko eskoletan banatu eta landuko dute Nire Uztapide liburua. Gainera, salgai jarri dute Zestoako Potxolo liburu dendan, Arroabeko Txara dendan eta Aizarnako Konpittekon.
Liburua, berpizgarri
Pako Aristik idatzitako eta Erein argitaletxeak berargitaratutako Nire Uztapide liburuaren aurkezpen musikatuak irekiko du bertso astea maiatzaren 17an. Kultur Etxeko aretoan egingo dute aurkezpena, eta bertan izango dira liburuaren egile Pako Aristi eta hark liburua egitean bidelagun izan zuen Joxe Kuiz Ezeiza. Aristik duela 22 urte idatzi zuen Nire Uztapide liburua, eta orain pozez hartu du lan hura berriro argitaratu izana. "Deskatalogatuta zegoen liburua da Nire Uztapide, eta poz ematen dit lan hau berriro argitaratzeak, eta interesgarri izatea espero dut". Idazleak berak azaldu ditu liburuaren xehetasunak. Aristiren arabera, duela 22 urte idatzitako lan hurak bazuen helburu bat: "gazteei zuzenduta, bertsolari klasikoak hartu, eta haien bizitza nobelatzea". Horretarako hainbat informazio iturri baliatu zituen Aristik, eta horiez mintzatu da bertso astearen aurkezpenean. Uztapidek idatzitako prosatik, Manuel Lasarteren Uztapide gogoan liburutik eta Joxe Kruz Ezeizaren adierazpenetatik edan zuen idazle azpeitiarrak lan hura osatzeko. Ezeiza "iturri bizia" da Aristiren hitzetan. "Hark gertutik ezagutu zuen Uztapide; baditu milaka pasarte, ondoan izan baitzuen hainbat urtetan", kontatu du idazleak. Ezeizak parte hartuko du liburuaren aurkezpen musikatuan.
Liburuaz ez ezik, Uztapideren nortasunaz eta bizitzaz ere mintzatu da Aristi, liburuan jasotako zenbait pasarte irakurriz. Haren hitzetan, "Uztapidek bazuen hitz egiteko trebetasun berezia, baita euskara jantzia ere; hiztun ona zen". "Gizon umila, ikasteko gogoa duena, lagunak miresten eta zaintzen zituena, parrandazalea..." zen Uztapide, Aristiren esanetan. "Euskal kulturaren berpizkunde garaian ekarpena egin zuena, karisma handiko gizona, arrasto itzela utzi zuen pertsonaia", laburbildu du.
Hitzaldi zikloa eta bertso jaialdia
Uztapide, bertsotik prosara hitzaldiak eta Arroa inguruko bertso historiaren inguruko hitzaldi-tertuliak osatuko dute hitzaldi zikloa, eta maiatzaren 22an borobilduko dute bertso astea Txapeldunen Bertso Jaialdiarekin. Bertan izango dira Andoni Egaña, Sebastian Lizaso, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus. Gainera, plazetako bat-bateko bertsolaritza utzita dagoen arren, Xabier Amurizak ere parte hartuko du ekitaldian.
Antolatutako ekintzetan belaunaldi desberdinetako herritarrek parte hartuko dute, eta horietako bi dira Aizpea Aristi eta Ioritz Zunzunegi gazte zestoarrak. Haiek Nire Uztapide liburuaren aurkezpen musikatuan parte hartuko dute, eta beraiek jakinarazi dituzten ekitaldiaren inguruko xehetasunak. Zunzunegik eta Aristik adierazi dute saioa prestatzeak Uztapideren lana hobeto eta sakonago ezagutzeko aukera eman diela, eta zentzu horretan eskertuta agertu dira. Era berean, aurreratu dute, haiek musikaz jantziko dituztela Uztapideren hiru bertso sorta. "Aurrena, 1961an Uztapidek eta Xalbadorrek osatu zuten sorta bat abestuko dugu. Aldamio baten gainean dauden bi lagun dira, eta aldamioa zutik mantentzeko modu bakarra horietako bat bertatik botatzea da. Bertsoetan argi ikusten da Uztapidek eta Xalbadorrek elkarri zioten miresmena eta maitasuna. Bigarren sorta, 1975ekoa da, Sasoia joan da gero liburuan agertzen diren eta Zestoari eskainitako bertsoak dira, eta, azkenik, Uztapidek 1962an Euskal Herriko bertso txapelketaren buruz burukoan amari eskainitako bertsoak abestuko ditugu", kontatu du Aristik.
Hona hemen Uztapide Plazara bertso astearen egitaraua, osorik:
Maiatzak 17, asteartea :
19:00etan, Zestoako Kultur Etxeko aretoan, Nire Uztapide liburuaren aurkezpen musikatua. Hizlariak: Pako Aristi eta Joxe Kruz Ezeiza. Musikariak: Aizpea Aristi eta Ioritz Zunzunegi.
Maiatzak 19, osteguna:
19:00etan, Kultur Etxeko aretoan, Uztapide, bertsotik prosara hitzaldia, Xabier Amurizaren eskutik.
Maiatzak 20, ostirala:
19:00etan, Arroabeko eskola zaharrean: Arroa inguruko bertso historia; txapel bat mila buru hitzaldi-tertulia.
Maiatzak 22, igandea:
18:00etan, Zestoako kiroldegian: Txapeldunen Bertso Jaialdia: Sebastian Lizaso, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus. Xabier Amurizak ere parte hartuko du.