Urola ibaiaren zati bat garbituko du Zestoako Udalak 

Maialen Etxaniz 2022ko maiatzaren 9a

Lasaotik Iraetara arteko zatia garbituko du Zestoako Udalak. Sei kilometro inguruko ibilbidea da garbituko dutena, eta sei tona inguru hondakin jasotzea aurreikusten du erakundeak. Ibaia garbitu ez ezik, herritarrei zuzendutako "sentsibilizazio kanpaina" ere jarriko dute martxan. Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza jasoko du udalak garbiketa lanak egiteko.

Garbituko duten ibai eremuaren irudia. (Zestoako Udala)

"Urola ibaian sakabanatutako zabor-pilaketa fokuak" garbituko ditu Zestoako Udalak. Erakundeak jakinarazi duenez, sei kilometroko ibilbidean egingo dute garbiketa, Lasaotik Iraetara bitartean, hain zuzen. Urola ibaian pilatutako zaborrak eta identifikatutako fokuak garbitzea da egitasmoaren helburua, eta guztira, sei tona hondakin inguru biltzea aurreikusten dute.

Udalak azaldu duenez, erakundea Eguzki talde ekologistarekin elkarlanean ari da Urola ibaiaren Zestoako zatian zaborra pilatzen den puntu beltzak identifikatzeko. "Urtero, udazken eta neguko euriteekin, zabor ugari agertzen da Urola ibaiko ertzetan. Egun, honako hondakinak agertu dira: kable eta aparatu elektronikoak, gurpilak eta pneumatikoak, teilape zatiak, metalezko egiturak, paletak, gomak, poteak, arropa… Horiez gainera, zenbait eremuetan zabor fokoak ere identifikatzen ari da Udala Eguzki talde ekologistarekin elkarlanean: plastiko beltzak eta zuriak, burdinazko eta plastikozko sareak, oihalezko zakuak… Horrek guztiak eragina du Urola ibaiko ekosisteman, baita Kantauri itsasokoan ere", adierazi du udalak. Horrenbestez, arazoari kanponbidea emateko egingo dute ibai garbiketa. "Proiektuaren helburu nagusia da Urola ibaiak Zestoa zeharkatzen duen eremua zaborrez garbi geratzea, eskualdeko beste herrietako proiektuekin bat eginez", jakinarazi du erakundeak. 

Ibai garbiketa ez ezik, martxan jarriko dute herritarrei zuzendutako sentsibilizazio kanpaina ere, "herritarrak informatzeko eta sentikortzeko". 

Zestoako Udalak jakinarazi duenez, Eguzki talde ekologistak egindako eskaera bati erantzun ostean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren 7.875 euroko dirulaguntza jasoko du udalak ibaiaren zati bat garbitzeko. Horrela azaldu du udalak: "Eguzkik Sakabanatutako zaborren pilaketa fokuak prebenitzen eta zuzentzen lagunduko duten jarduketak dirulaguntza lerrora aurkezteko eskaera egin zion zigun, eta erakundeak onartu egin zuen. Dirulaguntzaren ebazpenaren arabera, Zestoako Udalak 7.875 euro jasoko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumeneko eta Obra Hidraulikoetako Departamentutik Urola ibaian sakabanatutako zaborra garbitzeko". 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide