Espainiako Gerra betean, 1938ko maiatzaren 22an, 800 preso antifrankistak ihes egin zuten Iruñerriko Ezkabako San Kristobal gotorlekutik. Horietatik 200 atxiki eta fusilatu egin zituzten faxistek, eta ihes egin zutenetatik lauk besterik ez zuten bete helburua, Urepelera (Nafarroa Beherea) iritsita. Gertaera hura gogora ekartzeko, "Europan inoiz egin den ihesaldirik handienean ihes egitea lortu zutenen ibilbidea" oinez osatzeko egitasmoa prestatu dute Zestoan: Oroimenaren Ibilaldia.
Zestoako Udalak eta herriko Agiro mendi klubak elkarlanean osatu dute lau etapatan banatuta eta GR-225 ibilbidea jarraituzta egingo duten egitasmoa. Udalak azaldu duenez, erakundea memoria historikoa lantzeko eta berreskuratzeko gauzatu dituen ekintzen barruan zegoen ibilbide hau osatzeko asmoa, 2020an, baina pandemiagatik bertan behera utzi behar izan zuten orduan, eta orain berreskuratzea erabaki dute.
Maiatzaren 21ean, lehen etapa
Maiatzaren 21ean, Ezkabako ihesaldiaren 84. urteurrenaren bezperan, egingo dute lehen etapa: Berriozar-Ezkaba-Olabe. Hamasei kilometroko ibilbidea du lehen etapa horrek; Ezkabatik igarotzerakoan, San Kristobalen preso egon ziren Agustin Unanue eta Pedro Areta zestoarrak oroituko dituzte.
Ibilaldia bukatutakoan, Basaburuako Jauntsaratsen bazkalduko dute parte hartzaileek, eta bertako haritz erraldoia ikusteko aukera ere izango dute", antolatzaileek oharrean zehaztu dutenez. Parte hartu nahi dutenek 25 euro ordaindu behar dute –ikasle eta langabetuek, 20 euro–, garraioa eta bazkaria barne. Autobusa o7:30ean aterako da Gurutzetik, eta itzulera 17:00 inguruan izatea aurreikusi dute.
Izena Txoko Txiki okindegian eman behar da, maiatzaren 18a izango da azken eguna, baina kopuru mugatua izango denez, "izena ahalik eta azkarren ematea" gomendatu dute antolatzaileek.