Elba Azpillaga: "Karrozaren proiektuan ikasleak partaide egin ditut"

Nerea Uranga 2022ko maiatzaren 3a

Haurren danborradarekin gaur kalera aterako duten 'On egin!' izenburuko karroza sortu du Elba Azpillagak: elikadura osasuntsuaren gaia landu du, eta berrikuntza ugari txertatu ditu.

Elba Azpillaga. (Utzitakoa)

Gaur, Santa Kutz egunez, umeen danborrada izango da Zestoan, 18:00etan. Danborradarrekin batera Elba Azpillagak (Zestoa, 1994) egindako On egin! izenburua duen karroza aterako dute kalera. Elikadura osasuntsuaren ideia landu du karrozaren proiektuan, eta hainbat berrikuntza txertatu ditu.

2020ko santakutzetarako antolatu zuen aurreneko aldiz karrozarako proiektu lehiaketa Zestoako Udalak, eta hura irabazi zuen Azpillagak. Baina azken bi urteetan pandemiaren eraginez ez da ospatu santakutzik, beraz, aurten arte atzeratu zaio proiektuaren prestaketa Azpillagari.

2020an irabazi zenuen karroza lehiaketa, baina bi urte geroago egin duzu egitasmoa.

Lehiaketa irabazi nuenetik, urtero hitzarmen bat sinatu dut udalarekin baldintzak-eta zehaztuz, eta horiek betetzen joan gara. Aurten santakutzak ospatu ahal izan dira, eta ni karroza egiteko moduan nengoenez, aurrera egin dugu.

Karrozaren hasierako ideia mantendu egin al duzu?

Bai, bai. Zestoako Udalak ez du gai zehatz bat proposatzen karroza garatzeko, eta nahi den gaiari buruzko egitasmoa aurkezteko aukera dago; hori horrela, elikadura osasuntsua gai hartuta proposatu nuen proiektua 2020an. Gaia garaikoa da, eta ez da iraungi azken bi urte hauetan, eta alde horretatik, gaia ondo datorkio udalari. Beraz, hasierako ideia mantendu dut karroza egiteko.

Nolakoa izan da prozesua?

Beti izaten da egunerako karroza bukatuta izango al dudan kezka, eta nahiko akigarria da hori. Orain dela bi hilabete, udaletxera joan nintzen aurten karroza egin behar al nuen galdezka, baietz esan zidaten, eta orduan hasi nintzen Zestoako eskolakoekin-eta hitz egiten. Horrez gain, karrozako materiala dena bertakoa, inguruan erositakoa edo berrerabilitakoa izaten saiatu naiz, eta alde horretatik, zailtasun pixka bat izan dut, bertan dagoenak baldintzatuta jardun dudalako. Udal brigadakoek oholtza muntatu zain egon nintzen, eta lanerako beharrezko lokala ere utzi dit udalak. Behin oholtza muntatuta, elementu txiki eta detaile asko eduki behar izan ditut kontuan, eta azken uneko estres hori izan dut.

Zuk zeuk egin al duzu karrozaren eskulan guztia?

Bai, neuk egin dut dena. Gurasoen laguntza izan dut, eta lagunak ere laguntzeko prest azaldu zaizkit, ordea. Lehiaketa irabazita, Zestoako Udalak emandako 3.000 euroko dirulaguntza izan dut karroza egiteko, eta horrekin egin behar izan dut dena, eskulana, materiala eta abar.

Elikadura osasuntsua da karrozaren gaia. Zer nahiko zenuke helarazi karrozaren proiektuarekin?

Aurreko urteetan, haurren danborradako karrozatik gozokiak besterik gabe eta doan botatzen ikusten nituenean, amorratu egiten nintzen; ekintza bera ez zitzaidan gustatzen. Gozoki asko lurrean, estoldetan... gelditzen ziren, eta gozokien plastikoak lurrean botata. Agian, ohitura izango da hori, baina nik ez nuen gustuko. Karrozarako egin dudan proiektuarekin, jendeak umeei zer erakusten ari garen pentsa dezan nahi dut. Kontu horrekin pixka bat obsesionatuta nengoen, eta logika baten barruan, hori aldatzeko proiektua aurkeztu nuen.

Nola aldatuko da kontu hori zuk diseinatutako karrozarekin?

Karroza kalera atera aurretik, umeak kontzientziatuta egotea nahi nuen, haiek egunean bertan ezustekorik ez hartzeko. Aurrez, ikasleekin eskolan lanketa egitea proposatu nion Zestoako eskolako zuzendariari. Hala, Zestoako eskolako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasle guztiekin landu dut gaia, eta elikadura piramidearekin joko batzuk egin ditugu. Era horretan, ikasleek ulertu dute aurtengo karrozaren proiektuaren gaia. Karrozatik gozokirik ez botatzearen zergatia ulertu dute, eta hori izan da nik nahi nuena. Hala ere, argi utzi nien haurrei karrozatik gozokirik ez dela botako, baina beste era bateko opari asko egongo direla denentzako. Ez dakite zer opari jasoko dituzten, baina beraiek sortu dituzte opariak bilduko dituzten kono formako poltsatxoak.

Beraz, karrozaren proiektuan partaide egin dituzu eskolako ikasleak, ezta?

Karrozaren proiektuan haurrek parte hartu behar zutela garbi nuen hasieratik. Eskolara lanketa egitera joan nintzenean, esan nien ez nuela ulertzen umeentzako egiten den gauza bat izanda, beraiek zergatik ez duten parte hartzen karrozaren lanketan. Uste dut haurrei ere gustatzen zaiela ahalduta sentitzea. Aurten, karrozak eztabaida sortuko du jendearen artean, badakit hori; pentsatzen dut gozokiak faltako direlako kexak izango direla, eta gainera, gurasoen aldetik izango dira gehienak. Baina nik nire ekarpena egingo dut, eta uste dut haur askorengana iritsiko dela hori. Haur guztiek jasoko dituzte beren oparitxoak, eta koloretsuak nahiz erakargarriak direla uste dut.

Gaur, haurren danborradarekin karroza kalera ateratzen denean, adi egongo al zara herritarrek karrozari egingo dioten harrerari?

Karrozaren arduradun bakarra ni izango naiz, eta adi egon beharko dut edozer gauza gertatzen dela ere. Eta, noski, adi egongo naiz jendearen harrerari dagokionez ere. Baina egiten ditudan gauzak ezagutzen dituzte herrian, eta esango dute: «Elba da». Ohituta daude Zestoan.

Umetan haurren danborradan ere irtengo zinen, ezta?

Bai, noski. Zestoako eskolako ekintza bat zen danborradan irtetea. Orain, ordea, konturatu naiz ume askok ez dutela danborradan parte hartzen, ez dutelako nahi. Haur ugarik galdetu didate haiek danborradan irtengo ez duten arren, oparirik edukiko al duten. Baietz esan diet, opariak herri osoko haurrentzat eta soberan daudela. Baina, gure garaian ez zen aukera bat danborradan irtetea, irten egin behar zenuen eskolara joan behar zenuen bezalaxe, eta horregatik ez genuen sentitzen obligazio bat zela danborradan parte hartzea.

Ikasketaz arkitektoa zara. Horrek lagundu al dizu karrozaren proiektua egiteko garaian?

Ohituta nago horrelako proiektuak diseinatzen, baina beste eskala eta baldintza batzuetan. Hala ere, proiektua lehiaketara aurkezterakoan, hiru dimentsioko irudi bat eta planoa garatu nituen, eta beharbada, edozeinek ez ditu eskura horrelakoak egiteko erremintak. Gaur egun irakasle lanetan ari naiz, eta arkitektura pixka bat hor alboratuta gelditu zait. Dena dela, Zestoako eskolako ikasleekin tailerrak egiteko ondo etorri zait egungo lanbidea ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide