Santa Kutz jaiak ospatzen ari dira egunotan Zestoan, eta bart helduen danborradarekin ekin zieten jaiei. 22:30ean hasi zen danborrada, eta, guztira, honako zortzi talde hauek parte hartu zuten ekintzan: Ipintza eta Lauiturri (Zumai txarangak lagunduta), Aldrebesak eta Atabalak (Azpeitiko bandak lagunduta), Trapuzarrak eta Zintxontarrak (Ustekabe txarangak lagunduta) eta Gure Txokoa eta Gaztetxea (Zestoako bandak lagunduta).
Danborrak eta atabalak gogotik astinduz gurutzatu zituzten danbor jotzaileek herriko kaleak, eta Gurutzean geldialdia egin eta hainbat pieza jo ostean, plazara itzuli ziren talde guztiak. Gauerdian abesti guztiak jo zituzten zortzi taldeek, eta udaletxean Zestoako bandera igo zuten.