Bi urteko etenaldiaren ostean, Santa Kutz jaiak ospatu ahal izan dituzte Zestoan, eta bart helduen danborradarekin ekin diete jaiei. 22:30ean hasi da danborrada, eta, guztira, zortzi taldek parte hartu dute danborradan: Ipintza eta Lauiturri (Zumai txarangak lagunduta), Aldrebesak eta Atabalak (Azpeitiko bandak lagunduta), Trapuzarrak eta Zintxontarrak (Ustekabe txarangak lagunduta) eta Gure Txokoa eta Gaztetxea (Zestoako bandak lagunduta).
Danborrak eta atabalak gogotik astinduz gurutzatu dituzte danbor-jotzaileek herriko kaleak, eta Gurutzean geldialdia egin eta hainbat pieza jo ostean, plazara itzuli dira talde guztiak. Gauerdian abesti guztiak jo dituzte zortzi taldeek, eta udaletxean Zestoako bandera igo dute.
Gaur jarraituko du festak Zestoan; izan ere, haurren danborrada izango da 18:00etatik aurrera. Horren aurretik, Santa Kutz eguna dela eta, Idikaitz txistulari taldearen diana izango da 10:30ean hasita, eta 12:30ean meza izango da parrokian.